ABENDUKO KULTUR EGUNAK IGANTZIN

Urtero bezala, egitarau oparoa prestatu du Igantziko Euskara Batzordeak Abenduko Kultur Egunak osatzeko. Hasteko, abenduaren 3an Lesakako Bandaren emanaldia izanen da, herriko plazan, 13:00etan hasita.

Abenduaren 6an segituko dute ekitaldiekin. Arratsaldeko 4:00etatik aitzinera, Biltoki Elkartean, Sarobe Okindegiko gozogile Iñigo Saroberekin ikastaro labur bat izanen da, turroiak eta errege opila egiten ikasteko. Nahi duten guztiek parte hartzen ahal dute.

Egun berean haurrentzako bi zine emanaldi izanen dira. Lehena, 4:00etan, txikienentzat izanen da, eta ondotik, 16:30ean hasita, kozkorragoentzat. Sarreran guztiei emanen zaizkie krispetak.

Abenduaren 7an, ortziralarekin, eskolako ikasleen erakusketa izanen da, eskolan bertan, 5:00etan hasi eta 7:00ak arte. Eta tarte horretan liburutegia irekia egonen da nahi duen guztiarentzat, eta ordenagailuak ere erabili ahal izanen dira.

Egunari bukaera emateko, antzerki emanaldia izanen da Baratzondon, 21:00etan. Leitzako Xagu Taldea etorriko da, eta Agur, Manhattan! antzezlana eskainiko du.

Abenduaren 8an, ohitura bihurtu denez, Biltoki elkarteak antolatutako erakusketa izanen da Baratzondon, goiz eta arratsaldez. Aurten Etxeko tresna zaharren istorioak gaiaren inguruan antolatu da erakusketa, eta, beti bezala, erakusketa herritarrek emandako gauzekin osatuko da. Antolatzaileek abenduaren 3an gauzak eramateko eskaera egin diete herritarrei.

Arratsaldean, erakusketa itxi ondotik, berendua izanen da plazan. Guraso Elkarteak txistorra eta sagardoa banatuko ditu, nahi duen guztiarentzat.

Eta, eguna bukatzeko, Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat dokumentala ikusteko aukera izanen da, Igantziko Eskolan, 21:00etan. Dokumental hau nazioarteko hainbat zinemalditan erakusten ari dira, eta berriki jakin da Goya sariak irabazteko hautagai dela zazpi ataletan. Sarrera doan izanen da.

Kultur egunei bukaera emateko, igandean, abenduak 9, bizkotxo lehiaketa izanen da Igantziko Biltokin. Lehiaketan parte hartu nahi duenak 17:00etarako eraman behar du bizkotxoa elkartera. 18:00etan izanen da lehiaketa, eta ondotik, 19:00etan, bizkotxoak dastatzeko berendua izanen da, txokolate beroarekin lagunduta.