“Arnasa gara”: Ongi etorri euskararen herrira

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarlanean landutako egitasmoa da, arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko asmoarekin.

Ekimen honekin arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmendu nahi da. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza ohiturei lotutako zortzi egoera landuko dira zortzi bideo esketxetan. Gai bakoitzeko, bideo bat. Hala, bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare sozialen bidez. Bertzeak bertze, arnasguneetako pertsona erreferenteei (aktore, musikari, kirolari) elkarrizketak eginen zaizkie, gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraunen du, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izanen da hizpide.

Kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den, “Arnasa Gara” ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badauka, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri hauek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko eta errekonozimenduan jartzeko.

Kanpaina dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako, eta herritarren interakzioa sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero-astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean.

Martxoaren 22an eman zaio hasiera kanpainari. Egoera fiktizioen bidez egunerokotasunean gertatzen diren egoerak islatzea da xedea, errealitateak fikzioa gailentzen baitu. Kanpainak arnasguneei lotutako zortzi ideia zehatz landuko ditu astean behin sareratuko den esketx baten bidez. Arnasguneetako herritarrek euren arazo eta erronketatik abiatuta ahalduntzerako urratsa ematea da eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzea.

Eguneroko egoerak islatzen dituzten bideo esketx horiez aparte, arnasguneetako pertsona erreferenteei egin elkarrizketak eginen zaizkie. Guztia sare sozialen bidezko sentsibilizazio eta jarraipen kanpaina batekin osatuko da.

Zazpigarrena: “Euskararen tximeleta efektua”

Euskarari eusten diogunean, ingurukoak ere euskaraz aritzeko giroa sortzen dugu. Zabaldu egiten dugu euskaldunak euskaraz aritzeko modua, hitz bakar bat nahikoa duen kodearekin. Gainera, hurbiltasunetik, adiskidetasunetik eta konplizitatetik aritzen gara askotan, eta tximeletak oharkabean hedatzen dira, euskarari bizia emanez. Euskarari eusteak duen garrantzia erakusten du bideo honek, solasaldi informalean ere euskara naturaltasunez biziberritzeko.

  • Ideia nagusia: Euskarari eusten diogunean, ingurukoak ere euskaraz aritzeko giroa sortzen dugu, euskarari bizia emanez.
  • Leloa: Euskararen tximeleta efektua.
  • Aktoreak: Graxi Arregi, Sambou Diaby, Mikel Irazusta eta Erika Olaizola.
  • Iraupena: 01:19′

Seigarrena: “Mediku bakoitzak bere orrika

Toki bakoitzeko hizkerak edo euskalkiek euskara zein aberatsa den erakusten digute. Batzuetan gure inguruan bakarrik erabiltzen den hitz bat aipatzen dugu, eta hori egiten dugun aldiro euskara aberasten ari gara. Orrikak, kurrikoak, kurrikak edo porrikak arrotzak zaizkigu beharbada, baina tenazak edo alikateak baino jatorragoak dira.
Aspaldi ikasi genuen abesten: “guztiok gara euskaldun, nahiz eta hitz desberdinez bat bera dugu euskara”.

  • Ideia nagusia: Euskalkiek bizitza ematen diote hizkuntzari, eta euskalki bakoitza erdarari aurre egiteko txertoa da.
  • Leloa: Mediku bakoitzak bere orrika.
  • Aktoreak: Sambou Diaby, Ainhoa Etxebarria, Mikel Irazusta, Erika Olaizola, Juanen Saralegi.
  • Iraupena: 02:23′

Bortzgarrena: “Euskararekin ezin galdu”

Gureak bezalako herri euskaldunetan guraso aunitzen kezka izaten da haurrak erdaraz nola moldatuko ote diren. Horren beldurrez zenbaitek gaztelerara ere jotzen du, haurra hizkuntza horretan ere trebatu dadin. Beldur horrek, ordea, ez du funtsik, hizkuntza hegemonikoaren erauntsia etenik gabea baita eguneroko bizitzan, komunikabideetan, sare sozialetan nahiz aisialdiko eskaintzan.

  • Ideia nagusia: Aunitzetan gurasoen beldurrek mugatzen dituzte haurrak. Beldurra galdu behar da, ez euskara.
  • Leloa: Euskararekin ezin galdu.
  • Aktoreak: Iban Garro, Juanen Saralegi.
  • Iraupena: 01:53′

Laurrena: “Nor da Tomas Hidalgo?”

Hurbiltasunari, konfiantzari eta konplizitateari bidea irekitzen ahal dio euskareaz egiteak. Hala ere, udalerri euskaldunetatik ateratzean erdaraz hasten gara gehiegitan, solaskidea euskalduna izaten ahal dela ahantzita. Euskara, ordea, edozein tokitara ailegatzeko giltza izaten ahal da. Beraz, zertarako aldatu erdaretara kalean, ostatuan edo harremanetan hastean ere euskaraz gusturako moldatuko bagara?

  • Ideia nagusia: Ez ahantzi: euskara da giltza.
  • Leloa: Nor da Tomas Hidalgo?
  • Aktoreak: Graxi Arregi, Ainhoa Etxebarria, Mikel Irazusta.
  • Iraupena: 01:35′

Hirugarrena: “Ongi etorri euskararen herrira”

Udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, harrera egitearekin batera. Gure artean errotuko diren ehunka lagunei euskara ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko. Eskolak eta euskaltegiak zabaltzea, ordea, ez da nahikoa izanen herritarrek gero erdaraz egiten badiegu. Euskara zubi ederra da elkarrekin gurutzatzeko, eta gure hizkuntza eskaintzea da eskua luzatzeko eta gure artera gonbidatzeko modurik egokiena, lehen hitzetik hasita.

  • Ideia nagusia: Bertakoa maitatzen erakustea da harrerarik onena, eta hizkuntza zubi ederra da horretarako.
  • Leloa: Ongi etorri euskararen herrira!
  • Aktoreak: Sambou Diaby, Iban Garro, Gotzone Rekondo, Juanen Saralegi.
  • Iraupena: 01:52′

Bigarrena: “Hitanoarekin, busti gehiago”

Hika aritzeak hizkuntzaren bizitasuna erakusten du. Baita hurbiltasuna, laguntasuna eta konplizitatea ere. Hitanoa, gainera, simetrikoa da, eta berdinen artea erabiltzen da. Hainbat lekutan, ordea, hika aritzeko ohitura aunitz murriztu da, batez ere gazteen artean. Horren inguruko hausnarketa dakar bideo honek, transmisioa berreskuratzeko eta konplizitatea areagotzeko modua erakustearekin batera.

  • Ideia nagusia: Garai batean hika aritzen ginen. Orain zergatik ez? Ez dadila haria eten!
  • Leloa: Hitanoarekin, busti gehiago!
  • Aktoreak: Ainhoa Etxebarria, Erika Olaizola, Iratxe Urkiaga
  • Iraupena: 02:23′

Lehenbizikoa: “Kafesne bat, mesedez”

Gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen ditugu bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera. Aunitzetan, ordea, bertako hizkuntza alde batera uzten dugu zerbitzu sektorean, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, bisitari ugari espresuki etortzen baitira udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta aditzea gustukoa baitute. Euskara, beraz, amu erakargarria da turistentzat. Ez dadila falta gure menuan!

  • Ideia nagusia: Bertako produktuen antzera, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia da.
  • Leloa: Euskara da gure postalik ederrena.
    · Aktoreak: Ainhoa Etxebarria, Erika Olaizola, Juanen Saralegi.
    · Iraupena: 01:56′