Abian da Bortzirietako euskalgintzaren gogoeta prozesua

Bortzirietako euskalgintzaren norabide berria erabakitzeko garaia

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak abian du gogoeta prozesua, hogeita hamar urteko ibilbidearen ondotik eskualdeko euskalgintzaren antolamendua berrikusteko eta berrantolatzeko asmoarekin. Prozesu horrek hiru saio izanen ditu guzira.

Euskara batzordeen Batzar Orokorra

Lehen saioa joan den martxoaren 26an burutu zen, Berako Beralandetan. Bertan elkartu ziren gaur egungo Bortzirietako euskara batzordeetako kideak, mankomunitatearen Batzar Orokorra egiteko. Batzar horretan ondorioztatu zen hiru hamarkadotan herriz herri izan diren euskara batzordeen ibilbidea agortutzat ematen dela, eta etorkizunean Bortzirietako euskalgintzak bertze modu batean antolatuko beharko duela.

Etorkizuneko mugimendu horren oinarri batzuk ere finkatu ziren. Batetik, mugimendu sozial dinamiko eta parte hartzailea izan behar duela. Parte hartzeari dagokionez, adin tarte guzietako herritarrak aipatu ziren, baina batik bat belaunaldi berrien aktibazioa azpimarratu zen.

Euskararen aldeko mugimendu sozial berri hau eskualde mailakoa izatearen garrantzia ere agerian gelditu zen: herriz herri lan egin behar bada ere, Bortzirietako eskualdea izan behar du erreferentzia.

Azkenik, mugimendu sozial autonomoa izatea ere oinarrizkotzat jo zen. Beregaina izan behar du, nahiz eta aldi berean instituzioekin (udalekin nahiz mankomunitatearekin) elkarlanean aritu behar duen.

Jardunaldia apirilaren 24an

Jardunaldi honen helburua izanen da bertze herri eta eskualdeetako euskalgintza eta bertzelako herri mugimenduen gogoeta prozesuak eta antolakuntza moduak ezagutzea. Horretarako goiz osoko saioa (09:30-13:30) izanen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean.

Lehenik eta behin, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari errepasoa eginen diote bertako teknikariek.

Ondotik, Kike Amonarriz soziolinguistika eta Topaguneko lehendakariak “Euskara bidegurutzean” hitzaldia eskainiko du.

Jarraian, hiru esperientzia ezberdin ezagutzeko parada izanen da. Lehenik, Aintzane Lasa Arrasateko Udaleko euskara teknikariak azalduko du herri horretan burutu duten prozesua, euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren (udalaren) arteko elkarlana bideratzeko. Ondotik, Irantzu Jauregi Hernaniko Udaleko berdintasun eta kulturartekotasun teknikariak Hernaniko Plaza Feminista nola gauzatu den azalduko du. Azkenik, Mikel Artolaren txanda izanen da, Tolosaldeko esperientziaren berri emateko; hain zuzen ere Galtzaundi euskara taldea Tolosatik eskualde osora nola zabaldu den azalduko du, eta Tolosaldeko Euskararen Mahaian euskalgintza soziala eta instituzionala nola batzen diren ere bai.

Goizari akabaila emateko parte hartzaileek talde dinamika batean parte hartuko dute, Elhuyar Aholkularitzak gidatuta, aditutako esperientzietatik Bortzirietara zer ekar daitekeen lantzeko.

Gogoeta saioa maiatzaren 29an

Prozesu honen hirugarren saioan helburua izanen da Bortzirietako euskaren aldeko mugimendu sozialaren antolamenduaz gogoeta egitea eta balizko egitura berria abian jartzeko talde eragilea sortzea. Horretarako goiz osoko saioan taldekako dinamikak eginen dira, Elhuyar Aholkularitzak gidatuta.

Parte hartzea eta izen ematea

Bi saio hauetan parte hartzeko deia egiten du mankomunitateak. Bortz herrietako partaideak bertaratzea garrantzitsua da, sektore aunitzetakoak eta adin ezberdinetakoak, eta dei berezia egiten zaie gazteei bertaratu daitezen.

Parte hartzeko beharrezkoa da aitzinetik izen ematea. Horretarako mankomunitatea izen emateko formularioa zabaltzen ari da. Inork interesik izanez gero eta formularioa eskuratzeko, mankomunitatearekin harremanetan jar dadila (948 634 125 / euskara@bortziriak.eus).