Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak ekainaren 28tik uztailaren 4ra izanen dira aurten. 14-18 urte bitarteko gazteek izen emateko aukera zabalik dute dagoeneko.

Aldi berean, topaketa hauetan begirale eta sukaldari lanetan aritu nahi dutenek ere martxoaren 31 bitarteko epea izanen dute curriculumak bidaltzeko.

 

TOPAKETEN NONDIK NORAKOAK

Aurten ere ibiltaria izanen da ekimena, eta astebetez Zumaiatik Lekeitiorako bidea eginen dute gazteek. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Bideoa: orain arteko topaketen irudiekin eta parte hartzaileetako batzuen laguntzarekin egindako bideoa, aurtengo topaketetarako deialdia eginez.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.