Ekainaren 17an eman zen jakitera nor izan den aurten haurrendako albumak sortzeko Etxepare sariaren irabazlea: Amaia Egidazu Arrube, Dorotea albumarekin. “Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen dituen albuma da. Amatxi erakusten digu, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila.Testuaren aldetik, paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen ditu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen. Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz“, horietxek dira epaimahaiak album honetatik nabarmendutakoak.

Aurtengo sariketaren xehetasunak

Aurten 30 lan aurkeztu dira sariketara. Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen gisa. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2021eko udazkenean.

Epaimahaia honakook osatu dute: Leire Salaberria (ilustratzailea), Idoia Sobrino (liburuzaina) eta Patxi Zubizarreta (idazlea).

Saridunari buruz

Amaia Egidazu Arrube (Durango, 1981) berriztarrak umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen.

Ingurumena eta energía berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen.

Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean. Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihardu aukera duenetan. Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua (2021).

Etxepare sariaren historia

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen dute haien euskara zerbitzuen bidez; tartean da Bortzirietako Euskara Mankomunitatea. Sariketaren laguntzaileak Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea dira, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabideak babesten du.

Nafarroako hainbat euskara zerbitzuk, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Bertzalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen du.

Aurreko edizioetako saridunak:

Urtea Lana Egileak
2020 Lorerik gorriena Sandra Garayoa & Itziar Otegi
2019 Etxe honetan Aintzane Usandizaga & Asier Iturralde “Gaston”
2018 Cosimoren katiuskak Dani Mariarena & Ana Ibáñez
2017 Arraroa Ainara Azpiazu “Axpi” & Paula Estévez
2016 Zerua gris dago Liébana Goñi & Isaak Martínez
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean Pello Añorga & Jokin Mitxelena
2014 Hiltzaileak Leire Salaberria
2013 Gerrak ez du izenik Leire Bilbao & Maite Mutuberria
2011 Hara! Miren Asiain
2010 Euria ari duenean Leire Salaberria
2009 Alex, nire laguna Mikel Gurrutxaga & Maite Gurrutxaga
2008 Katalina kontalari Iñaki Zubeldia & Estibalitz Jalón
2007 Zirkua amets Joxan Ormazabal & Iraia Okina
2006 Gerlari Handia Pello Añorga & Jokin Mitxelena

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.