Arantzako Udalak ‘bikain’ atera du azterketan

Kontseiluak udalaren hizkuntza politika neurtu du, eta neurketen emaitzak argitaratu ditu. Emaitza kuantitatiboei dagokienez, 0tik 10erako tartean, Arantzako Udalak 9,09ko nota atera du, eta 10. postuan dago Euskal Herrian neurtutako ehundik gora udalen sailkapenean. Horretaz gain, udalaren hizkuntza politikaren elementu positiboak eta hobetu beharrekoak zehaztu ditu Kontseiluak. Elementu positiboen artean, Arantzako Udalak hizkuntza politikaren arloan bere gain hartu dituen erabaki orokorrak eta horiek gauzatzeko jarritako baliabide eta neurriak nabarmendu ditu.

Hobetu beharrekoen artean, berriz, udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten zerbitzu enpresek udalarekin izaten dituzten harremanak —txostenak eta abar— euskaraz izan ditzaten betearaztea, kontratazio irizpideak kasu guztietan jarri eta betearaztea eta, azkenik, udalak lagundutako hedabideen kasuan euskararen erabilerak nolakoa izan behar duen arautzea falta dela nabarmendu ditu.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak UEMAko udalek lortutako emaitza onak nabarmendu ditu; izan ere, sailkapeneko aurreneko 10 postuetan UEMAko udalak daude. Jon Bollar UEMAko lehendakariaren aburuz, zenbakien atzean UEMAko udalek hizkuntz politika bateratua gauzatzeko konpromisoa ikusten da, baita UEMAren ereduak euskararen normalizazioari onura dakarkiola ere.

Emaitzak onak izan arren, UEMAk autokritika egin eta harago iritsi nahi du, herriz herri zer hobetua dagoela nabarmendu baitu. Hobetzeko bidean, UEMAk euskalgintza aukeratu du bidelagun: batetik, udararen aurretik Kontseiluarekin hitzarmena sinatu zuen, neurketen bidez udalen hizkuntza politikaren segimendua egiteko, eta, bestetik, Behatokiarekin duela urte eta erdi sinatutako hitzarmena du, herritarrek hizkuntza kexak bideratzea bultzatzeko, baita udalen aurkakoak direnak ere.

Horrenbestez, UEMAren irakurketaren arabera, emaitzek adierazten dute UEMAren eredua baliagarria dela euskararen normalizazioan. Eredu horren muina udalerri euskaldunetan “euskarak lehentasunezko trataera garbia” izatea da, eta gaur egun 61 udal daude eredu horren baitan lanean. Nolanahi ere, Jon Bollarrek dei egin die gainerako udalerri euskaldunei UEMArekin bat egiteko eta ekainaren 13ko Berako UEMA Eguneko leloa bere egiteko: “Euskarak elkartzen gaitu”.

Jon Bollarrek gogora ekarri du UEMAk bide propioa duela eta urratsez urrats aurrera doala bide horretatik: “Bidea norabide bakarrekoa da, euskararen normalizaziorantz doa, eta emaitza onak eman ditu, gaur ikusi dugunez. Eta, esan bezala, bidelagunak asko izan arren, bidea zabala da, denok kabitzeko modukoa.”

Bestetik, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak neurketen ibilbidea izan du hizpide: 2005ean udalen hizkuntz politika aztertzeko metodologikoki zorrotz diseinatutako ebaluazio tresna sortu zuen, eta, horretarako, aditu askoren ekarpenak jaso zituen: soziolinguistenak, udaletako zein beste administrazio batzuetako teknikarienak, besteak beste.

2005. urtean, Euskal Herriko 66 herritan egin zen ebaluazio hori, eta, ondoren, lan horri jarraipena eman zaio eta lehenengo ebaluazio hori jada 100 herrietan aplikatu du Kontseiluak. Aurrera begira, abiatutako lan honi jarraipena emateko asmoa du. 2011n bigarren ebaluazioari ekingo dio. Izan ere, ziklo politiko bakoitzean hizkuntza politikak aztertzeko asmoa du Kontseiluak, azterketaren bitartez, udalek aplikatzen dituzten hizkuntza politiketan dauden hutsuneak detektatu ahal izateko. Hutsune horiek agerian geratuko direnez, udaletako arduradunek hizkuntz politika egokiak gauzatzeko hutsune horiek gainditzea beharrezkoa izango da.

Xabier Mendigurenek, halaber, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du; Kontseiluaren izpiritua betiere elkarlanean aritzea baita: administrazio guztiekin zein bestelako eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin. Horrexegatik ere, dinamika honen baitan, Kontseiluak hizkuntza politika hobetzeko udalerrietako erakundeekin elkarlana lortzen saiatzen ari da. Hor kokatzen dira berriki aurkeztutako 25 udalekin sinaturiko hitzarmenak eta ekainean UEMArekin sinatutako hitzarmen berezia.

UEMAko udaletan egindako neurketei dagokienez, Xabier Mendigurenek adierazi du emaitza hauek argiki uzten dutela UEMAko herrietan aplikatzen den hizkuntz politika, oro har, egokia dela. Halaber, gaineratu du Kontseiluaren webgunean sarrera berezi bat dagoela (www.kontseilua.org), eta hor kontsultatu daitezkeela herri bakoitzaren emaitzak edo herrien arteko alderaketak egin. Web gune horretan, bestetik, udalerrien hizkuntza politikaren inguruan bestelako informazioa ere eskainiko du Kontseiluak.