Ederki joan zen aurten ere Bortzirietako Euskaltegiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarrekin antolatutako irakurketa saioa. Kutsidazu bidea, Ixabel, liburua aukeratu genuen aurtengoan jendaurrean irakurtzeko. Bortz herrietako ordezkariak izan genituen irakurraldian, guztira 22 partaide. Eta haien artean, liburua irakurtzen, gonbidatu berezi bat, Joxean Sagastizabal idazlea, Kutsidazu bidea, Ixabel liburuaren egilea.

Sagastizabal berak eman zion hasiera, joan den ortziralean, irailaren 12an burutu zen irakurketa saioari. Ondotik etorri ziren bortzirietako herritarrak, binaka, mikro aurrean Kutsidazu bidea, Ixabel liburuaren pasarteak irakurtzera.

Gustura aritu zen Sagastizabal idazlea bere liburuaren irakurketan eta aldi berean, harrituta, bere lana beste batzuen ahotsean entzunez, “sekula horrelakorik bizi gabea” zela aitortu zuen. Urtemuga borobila bete du aurten gainera Sagastizabalen liburu ezagunak, aurten 20 urte bete direlako Kutsidazu bidea, Ixabel nobela argitaratu zenetik. Modu aproposa izan zuen egileak bere lanaren urteurrena jendaurrean ospatzeko.

Pasarte politak irakurri zituzten Lesakako Bittiriako plazan egin zen ekitaldian. Aurten lehenbiziko aldiz egin da irakurketa saioa Bittirian, eta data seinalatua probestu zen gainera, egun horretan hasi zirelako Bittiriako bestak. Besta giroan irakurtzeko liburu aproposa izan zen Kutsidazu bidea, Ixabel, umorez jantzitako kontakizuna biltzen duelako nobelak.

Bosgarren urtea bete du aurten, jendaurrean egiten den irakurketa saio honek. Euskaltegiko matrikulazio kanpainari lotuta abiatutako ekimena da irakurraldia. Ekitaldi honekin herritarrak euskaltegian izena ematera animatu eta euskara ikasteko sentsibilizatu nahi dira. Euskaltegiak ikastaro aukera zabala eskaintzen baitu euskara ikasteko, duzun maila hobetzeko edota irakurtzen eta idazten trebatzeko. Informazio gehiago nahi duenak Bortzirietako euskaltegian eskuragarri izanen du.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.