81 entitatek berritu dute ziurtagiria aurten

Bai Euskarari Ziurtagiriarekin 2005ean hasi ginen Bortzirietan, eta, harrez geroztik, makina bat entitatek euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte. Udaberri partean ziurtagiridunek hartutako konpromisoak ebaluatzen aritu da Bai Euskarari Ziurtagirien elkartea.

Guztira, 81 entitatek berritu dute ziurtagiria, eta badira bi ziurtagiridun berri: Ireki Leihoak eta Usi Garbiketak.

Ziurtagirien bilakaera Bortzirietan

Urteen joanean ziurtagiridunen kopurua gutxitu bada ere, azkeneko hiru urte hauetan Bortzirietan baditugu 90 inguru. Herri txikietan kopurua mantendu egin da egitasmoa abian jarri zenetik. Edozein gisatara, Bortzirietan ziurtagiridun kopuru handia dugu, eta neurri bereko Euskal Herriko eskualdeekin konparatzen badugu, eragin handia izan du egitasmoak gurean.

Lorpenak

Azken 8 urte hauetan, Bai Euskarari Ziurtagiridunek mota guztietako konpromisoak hartu dituzte. Lorpenak aunitz izan dira, eta horiek agerian paratu nahiko genituzke. Horretarako, 20 ziurtagiridunen azterketa egin dugu. Arlo ezberdinak eta herri guztiak ordezkatuak dira . Guztira, 66 neurri edo ekintza mota aztertu ditugu. Langileen kontrataziotik eta auto eskoletako irakaskuntza materialetik hasi, eta dendetako diru kutxetako tiketetaraino. Aipagarrienak: Irudi korporatiboa eta errotulazioa, fakturak eta ordainagiriak, lehen hitza, publizitatea, webgunea, administrazioarekiko harremana, programa informatikoak, lan bilerak, lan kontratuak eta nominak, argitalpenak, etab, horiek guztiak euskalduntzeko balio izan du ziurtagiriak. Emaitzak beheko txostenean dituzue.

Erronkak

Bortzirietan euskarari buruzko gogoeta prozesua egin berri dugu. Aldez aurretik egindako elkarrizketetan bazen kezka bat; Bai Euskarari egitasmoaren emaitzak ez direla behar bezala neurtzen eta ikusarazten.

Gogoetaren emaitzetan, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu mundua euskalduntzeko helburu edo ildo estrategikoaren barne, Bai Euskarari Ziurtagiriaren gaia kokatu da. Orokorrean, ziurtagiria dutenen lidergoa landu beharra azpimarratu da. Eta, zehazki, beharrezkoa dela gaur egungo planteamendua berrikustea, eta ziurtagiriaren gaineko gogoeta egitea eta berraktibatzea. Orain urtean behin egiten den segimenduaz harago, urtean zeharreko lan iraunkorra egin beharko litzateke. Horrez gain, Bai Euskarari Ziurtagiria indartu eta jendartera zabaltzea premiazkotzat jo da.

Diru laguntzak

Euskara mankomunitateak diru laguntza ematen die Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitate eta eragileei. Eskaera egiteko epea uztailaren 1etik irailaren 30a arte egonen da zabalik. Eskaera orriarekin batera faktura, ordaindu izanaren agiria eta IFZ aurkeztu beharko dira. Aurtengo kopurua honako hau izanen da: 42,50 € (ziurtagiriaren oinarrizko prezioaren % 50). Informazio guztia eta eskaera orria deialdiak atalean dauzkazue.

Erreportajea Ttipi-ttapan

icon Bai Euskarari lorpenak

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.