Heldu den abenduaren 28 eta 29an Bortzirietako, Baztango eta Malerrekako hezitzaile, begirale eta entrenatzaileentzako ikastaroa izanen da Donezteben. Lehen saioa, abenduaren 28koa, 11:00-14:00 bitartean izanen da, eta bigarrena, abenduaren 29koa, goizez 11:00-14:00 bitartean eta arratsaldez 15:30-18:30 bitartean. Ikastaroa Doneztebeko Herrigunean izanen da, Santa Luzia Plazan.

Begiraleak eragile: euskarazko sozializazioa sustatzeko ikastaroa delako hau Dindaia Fundazioko teknikariek emanen dute, eta eduki hauek landuko dituzte:

  1. Nafarroako euskararen egoera eta oinarri soziolinguistikoak.
  2. Aisialdiko jardueretan euskara sustatzeko estrategiak eta teknikak.
  3. Euskara sustatzeko baliabideak eta ondorioak.

Ikastaroa aproposa da haur eta nerabeekin aritzen diren edozein motatako begirale, hezitzaile edo entrenatzailerentzat, izan kirol arlokoak, musika arlokoak, aisialdikoak edo jangelako, jolastokietako edo autobusetako begiraleak, etab.

Izen ematea abenduaren 21a baino lehen egin behar da, honako toki hauetan:

  • Baztango Euskara Zerbitzua: 948 58 00 06 / euskara@baztan.eus
  • Bortzirietako Euskara Mankomunitatea: 948 63 41 25 / euskara@bortziriak.eus
  • Malerrekako Euskara Zerbitzua: 948 45 17 46 / euskarazerbitzua@malerreka.infolocal.org

Ikastaroa doakoa da eta bukaeran parte hartzaile guztiek agiria jasoko dute. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak hezitzaileek euskara sutatzeko egin duen eskuliburua (Hau jolasa baino gehiago da) ere jasoko dute parte hartzaile guztiek.

Gisa honetako ikastaroak Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak sustatu ditu. Dagoeneko bertze zortzi ikastaro eginak dira Nafarroako bertze eskualde batzuetan. Doneztebekoari dagokionez, antolaketa lanak Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako euskara zerbitzuek egin dituzte.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.