Xorroxin Irratiak bidalitako prentsa oharra ekarri dugu Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen webgunera.

Xorroxin Irratiak antolatutako Behikaka.com ekimenaren 3. edizioa martxan da jada.

Azken urte hauetan, bertze hainbat kultur erakunde edota elkarte bezala, Xorroxin irratiaren egoera ekonomikoa nahiko zaila da, dirulaguntzak murriztu baitizkigute. Hori dela eta, diru iturri berriak bilatu behar izan ditugu. Bide horretan, duela bi urte Behikaka.com ekimena antolatu genuen, gehienbat Nafarroako Gobernuak dirulaguntza osoa kendu zigulako, gainontzeko euskarazko hedabideei bezala.

Ekimenaren arrakasta ikusita, iaz Behikaka.com –en 2. edizioa antolatu genuen, eta aurten, berriz ere, gogotsu gatoz, 3.arekin.

Uztailaren 24ean, igandearekin ospatuko dugu Behikaka.com. Zozketa berexia, polita, umoretsua eta erakargarria izanen delakoan gaude, aurreko bi ekitaldietan oinarrituz. Elizondon, Xorroxin irratiaren egoitza parean dagoen belaian burutuko da, ohitura legez ekimena.

Belaia aurten 2000 laukitxotan banatuko dugu, bakoitza 50 cm x metro 1eko neurrikoa. Guztira 20 lerro eta 100 zutabe. 2000 laukitxo hauek salgai jarri dira, boleto batzun bidez. Eskualdeko ostatu eta komertzio aunitzetan jada salgai daude. Eskualdeko herrietan bakarrik jarri dira salgai, dena den, internet bidez edo telefonoz eskaera egin eta etxera bidaltzeko aukera ere eskeintzen dugu, eskualdetik kanpoko jendearentzat. Laukitxo bakoitzak, boleto bakoitzak 5 euro balio du, nahi adina eros daitezkeelarik. Boleto hauek uztailaren 24a arte gorde behar dira, egun horretan eginen baita zozketa berexia. Eta badaezpada ere, saridunak atera arte gordetzea aholkatzen dugu, izan ere, aurten, berrikuntza gisa, ordezko zenbakiak ere aterako ditugu. Honela, hasierako zenbaki saridunen jabeek hilabete bateko epea izanen dute saria eskuratzeko, abuztuaren 24a arte. Epe horretan ez bada saridunik ateratzen, ordezko zenbakia indarrean sartuko da eta 15 eguneko epea izanen da saria eskuratzeko.

Sariak banatzeko arduradunak, aurreko edizioetan bezala, 3 behi izanen dira, Erdiz, Lore eta Zagua. 3 sari banatuko dira. Edo hobe erranda, 3 pak, sari bakoitzak gauza bat baino gehiago izanen duelarik. 3 behi eta 3 sari, beraz behi bakoitzak sari bat banatuko du. Aurten, denboraren muga aldatu dugu. Orain arte behi bakoitzak 30 minutu zituen kaka egiteko. Aurten 20 minutu izanen ditu behi bakoitzak kaka egiteko. Aitzineko 2 urteetan egin bezala, behiaren kakak erabakiko du zeintzuk diren irabazleak. Behi bakoitzak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen da sari bakoitzaren irabazlea. Dudak sor daitezke, ze laukitxotan egin du kaka, non hasi eta bukatzen da kaka,….guztiak argitzeko arauak idatzita daude, eta 3 epaile arduratuko dira epaia emateaz. Eta kaka egiten ez badu, zozketa bidez eginen da. Dena den, guztia arauetan zehaztua dago.

Argi dago, zozketa honen helburuetako bat dirua biltzea dela, laguntza ekonomikoa jasotzea dela, dena den, ez da soilik hori izanen. Egun hortan berean, uztailaren 24an, besta ttiki baten moduan planteatuko dugu zozketa, musika, zuzeneko irratsaioa, bertsolariak, jokaldi hoberenen komentarioak…izanen ditugu, eta tragoxkaren bat hartzeko ostatua ere. Eta aurten ere, iaz egin bezala, sari gehiago banatuko ditugu, eta behien kakaz gain, ostatuan tragoxkaren bat hartzearen truke zenbaki batzuk banatuko dira, eta horien bidez sari gehiago banatuko ditugu.

Xorroxin Irratiak, Baztan-Bidasoa eskualdean lanean dihardu. Duela 30 urte sortu zen, eta geroztik bide luzea egin du. Euskal herrian, euskara hutsean emititzen duen irrati aitzinakoena dugu. Gure irrati honek, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko hedadura hartzen du, guztira, 23000 biztanle inguru daudelarik eskualde honetan. CIES enpresak egindako neurketaren arabera, entzuleak 14000 inguru dira. Gure eskualdeaz gain Hondarribia, Irun eta Iparraldeko herri aunitzetan ere sintonizatzen da Xorroxin Irratia.

Parte hartu, lagundu Xorroxin Irratia eta zorte on!

Informazio osotua www.behikaka.com web orrialdean.

icon ARAUAK

icon BOLETOAK SALGAI

icon SARIAK

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.