Prozesu luze baten ondotik, azkenik epaia Berako Udalaren aldekoa izan da: herriaren izen bakarra Bera da. Epaitegiek hala erabaki zuten, epai irmo baten bitartez. Halere, hainbat eta hainbat tokitan oraindik ere Vera de Bidasoa izendapena ageri da.

Nafarroako Gobernuaren jarrera

            Herritar aunitzek ikusi ahal izan zuten nola, epai hori eman ondotik, N-121-A errepidean, Iruñetik etorrita, Berako sarreran errotulu haundi bat paratu zuten, Bera/Vera de Bidasoa zioena. Errepide berriaren inauguraziorako errotulu hori zuzendu egin dute, eta gainerako errotulu berriak ere egoki idatzi dituzte. Halere, lehendik jarriak zeuden errotulu guztietan Bera/Vera de Bidasoa izendapenak ageri dira.

            Bertzalde, gobernuaren web orrian begiratuz gero, oraindik orain izendapen bikoitza darabilte kasu aunitzetan. Eta berdintsu gertatzen da gobernuak udalera bidaltzen duen dokumentazioarekin.

 

Euskara batzordea txostena osatzen


            Berako Euskara Batzordea errotuluen argazkiekin eta udaletan zein bertze erakunde batzuetan bildutako dokumentazioarekin txosten bat osatzen ari da, uztailetik aitzinera gobernuak herria nola izendatu duen agerian jartzeko. Txosten hori Nafarroako Gobernuari berari bidaliko zaio, epe labur batean behar diren aldaketa eta egokitzapen guztiak egin ditzan eskatuz.

 

Gainerako erakundeak

 

            Gauza jakina da hainbertze urte izendapen bikoitzarekin pasa ondotik, denbora beharko dela jendeak eta erakundeek izen ofizial bakarra Bera dela jakiteko, eta behar diren aldaketak egiteko. Horregatik, Berako Udala hainbat erakunderi zuzentzen ari zaio aldaketaren berri emateko.

 

Herritarrak kexu

 

            Dagoeneko agertu dira herritarren kexuak, oraindik orain errepideetan, dokumentuetan, etab., Vera de Bidasoa izendapena agertzen delakoz. Udalaren, euskara batzordearen eta herritarren nahia herriaren izena toki guzietan modu egokian agertzea da, zalantzarik gabe. Halere, hori ez dago beti euren esku, eta pentsatu beharko dugu denbora batean oraindik Vera de Bidasoa izena ikusiko dugula zenbait tokitan. Bertako erakundeek lan eginen dute horietako bakoitza zuzendu dadin, eta ongi legoke herritarrek ere horrelakoak jakinaraztea eta salatzea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.