BERAKO XVI. KAFE ANTZERKI ZIKLOA

Datorren azaroaren 7an emanen zaio hasiera Berako Kafe Antzerki Zikloaren XVI. edizioari. Zikloa euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.

Zikloaren lehen emanaldia azaroaren 7an (ortzirala) izanen da, 22:00etan, Errekalde ostatuan. Olatz Pagaldai aktoreak Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko du. AEDk ekoitzitako obra honen gidoia Idoia Etxeberriak egin du. Umore klabean baina betiere kontzientzian azkura sortzeko asmoarekin, Irantzu protagonistak erdaldun berri izatearen gaineko gogoeta eginen du.

Azaroaren 14an (ortzirala), berriz 22:00etan, emanaldia Kataku ostatuan izanen da. Ramón Agirre eta Inazio Tolosak Kokakola eta barea antzezlana eskainiko dute. Ray eta Nik artistek Ez Dok Amairu mugimenduaren sorreran izan zuten garrantzia kontatuko diote publikoari, biak ere Mikel Laboarekin, Xabier Leterekin, Benito Lertxundirekin… bileretan, afarietan eta entsaioetan ibiliak baitira; hala diote haiek behintzat.

Azken emanaldia azaroaren 21ean (ortzirala) izanen da, Auzoa ostatuan. Gilkitxaro taldeak Urak ttiki dire antzezlana eskainiko du, Gaizka Sarasola lesakarrak idatzitakoa. Ilargi etxetik alde egin nahian joan da basora, eta han Willi topatu du, ihesean, bertze zerbaiten bila dabilela. Horrela hasiko da bien arteko harremana, iraganaz, etorkizunaz, badenaz eta ez denaz.