“Bortziriak solasean” liburuaren aurkezpena

“Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma” liburua aurkezteko bi ekitaldi eginen dira: lehenbizikoa, Lesakan ekainaren 11n Herriko Etxean eta, bigarrena, aldiz, Beran ekainaren 12an Beralandetan. Bi emanaldiak 18:30ean izanen dira eta horietan parte hartuko dute liburuaren egileek, Euskara Mankomunitateko ordezkariek, Bortzirietako bertso eskolako kideek eta Maddi Irazoki aktoreak.

Liburua Euskokultur Fundazioak argitaratu du, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta. Oinarrian 2000-2001 urteetan zehar egindako ondare immaterialaren bilketa dago; lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Anitz dira bilketa hartan jorratutako gaiak: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak, euskara…

Liburuak DVDa ere badakar. Biak garai hartako hainbat argazkiekin osatuak daude. Horrez gain, eskualdeko hitzak biltzen dituen hiztegitxo bat ere ageri da.

Aurkezpenean bertan liburua erosteko aukera izanen da eta, ondotik, salgai egonen da Beran (Agara, Irene eta Igone), Lesakan (Telletxea eta Xagu), Arantzan (Dena), Igantzin (Bi-bide) eta Etxalarren (plazako denda eta Kultur etxea). Horrez gain, euskokultur.eus webgunean eta Iruñeko liburu-dendetan ere eskuratzerik izanen da.