Bortzirietako 3. piropo lehiaketa izan da aurten, eta dagoeneko baditugu hiru saridunak. Ehundik gora piroporen artean, hiru aukeratu dituzte Bortzirietako 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek. Hiru beratarren piropoak saritu dituzte ikasleek. Dunia Abatal beratarrak irabazi du lehenengo saria. Labiagako ikaslea da, eta 13 urte ditu. Hauxe da hark idatzitako piropoa: Zu maitatzea pekatua bada, ni zuzenean infernura noa!; beraz, Katea-Bike etxeak bizikleta bat emanen dio. Pekatu egiten badu, badu zerekin infernura joan. Zorionak, Dunia!

Bigarren saria Ane Etxegarairentzat izan da, betiereko piropo hau idatzi baitzuen: Ez zaitut betidanik maite, baina betirako maiteko zaitut. Toki Onako ikaslea da, eta 13 urte ditu. Bortziriak etxetresnak etxeak, beraz, mp4 bat emanen dio.

Hirugarren saria, berriz, Luka Remirorentzat izanen da; 15 urte ditu, eta Toki Ona ikastetxean ikasten du. Hau da haren piropoa: Asnaia daukat bihotzean, egingo didazu azka? Zu zara iristen den bakarra. Piropo horri esker ez dakigu bihotzik irabazi duen, baina bi liburu eta CD bat, bederen, irabazi ditu.


Eskerrak eman behar dizkiegu bereziki Katea-Bike eta Bortziriak etxeei emandako opariengatik.

            Erran gabe doa, Euskal Herriko 5. piropo lehiaketa ere bortzerritar batek irabazi duela: Beñat Maia etxalartarrak. 14 urte ditu, eta piropo eder hau idatzi zuen: Ondoan garen bi zuhaitz gara, eta urte osoa daramat udazkenaren zain biok batera biluzteko.

            Zorionak lauei.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.