BORTZIRIETAN OSASUN KANPAINA

518 sinadura bildu dira Bortzirietan mediku eta pediatra euskalduna eskatuz.

Bukatu berri da Bortzirietan egin den medikua edota pediatra euskalduna eskatu nahi dut izeneko kanpaina, eta parte hartze handia izan dela azpimarratu behar da.

Guztira 518 eskaera orri jaso dira eskualdean. Emaitza onak dira benetan, kanpaina oso arrakastatsua izan dela esan nahi du horrek. Lortutako eskaera orri guztiak Lesakako Osasun Zentrora eraman zituzten Ander Almandoz, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak eta Maider Arrieta, lehendakariordeak urtarrilaren 14an.
UEMAren eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eskutik abiatutako egitasmo honek osasun alorrean garatzen diren hizkuntza-politikak aldatzea du helburu, eta gehiago zehaztuz, familia- medikua edota pediatra erdaldunak dauden herrietan profesional euskaldunak bermatzea da helburua. Bultzatzaileen esanetan “kanpainaren asmoa ez da izan, inondik inora, Bortzirietako osasun zentroetako langileen kontra egitea, haiek euskaraz jakitea eta, modu horretan, herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzea baizik”. Momentu honetan profesional horiek hizkuntza eskakizunik ez dutenez, egoera horri irtenbidea ematea lortu nahi da. Horretarako plantilla organikoan behar diren aldaketak egin ditzaten eskatu nahi izan da bukatu berri den kanpaina honen bidez.
Egungo datuek agerian uzten dute osasun alorreko profesional euskaldunen eskasia, UEMAtik adierazi dutenez “Nafarroako UEMAko 14 udalerrietan, 8 pediatra ari dira lanean eta horietatik lauri bakarrik eskatzen zaie euskaraz jakitea”. Egoera hori iraultzeko asmoz egin dute eskaera Bortzirietako 518 herritarrek.

HURRENGO URRATSAK

Bildutako eskaerei jarraipena eginen zaie, hemendik aurrera, Ander Almandozek eta Maider Arrietak eraman dituzten sinadura orri guztiei sarrera emanez Bortzirietako Osasun Zentroan. Ondoren guztien kopiak UEMAra eta Behatokira bideratuko dira. Eta bestetik, Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen zaio eskakizun horiek denak kontuan hartu eta plantilla organikoan beharrezko aldaketak egin ditzan.