Medikua edota pediatra euskalduna eskatzeko kanpaina abiatu da Bortzirietan, UEMAren eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eskutik. Osasun alorrean garatzen diren hizkuntza-politikak aldatzea du helburu egitasmo honek, eta gehiago zehaztuz, familia-medikua edota pediatra erdaldunak dauden herrietan profesional euskaldunak bermatzea da helburua. Bultzatzaileen esanetan “kanpainaren asmoa ez da, inondik inora, Bortzirietako osasun zentroetako langileen kontra egitea, haiek euskarazko zerbitzua eskaintzea/euskaraz jakitea baizik, baina momentu honetan hizkuntza eskakizunik ez dutenez, egoera horri irtenbidea ematea lortu nahi da. Horretarako plantilla organikoan behar diren aldaketak egin ditzaten eskatu nahi da kanpaina honen bidez”.

NON JASO eta NOLA BETE eskaera orriak

Kanpainaren berri ematen duen eskuorria eta beharrezko informazioa:

icon Eskuorria Familia-medikua edota pediatra euskaraz

Mediku eta pediatra euskalduna nahi dut kanpainarekin bat egin nahi duenak eskaera orri ofizial bat bete beharko du. Hura eskuratzeko hainbat bide dituzue: herrietako euskara batzordeko kideek eskuz esku banatuko dituzte ale batzuk, horiez gain hainbat gune izanen dira eskaera orriak lortzeko:

  • Ikastetxeetan
  • Herriko Etxeetan
  • Lesakako ferietan, azaroaren 27an
  • Lesakako Osasun Zentroan

Behin eskaera orria jasota bete egin behar da eskatzailearen izen-abizenak emanez eta zer eskatu nahi duen azalduz. Eskaera orria sinatu eta lehen aipatutako guneetan utzi dezakezue, edo sinatzeko eman dizuen batzordekideari itzuli.

icon Eskaera orria – Osasun kanpaina

Nahi izanez gero, eskuorriaren atzekaldean eskaera egiteko adibide gisara esaldi bat jarria duzue. Gainerako datuak bete, sinatu eta lehen aipatutako guneetan utzi dezakezue, edo sinatzeko eman dizuen batzordekideari itzuli.

icon Eskaera orria – Mediku euskalduna nahi dut

SINADURAK BILTZEKO EPEA
Azaroaren 17tik 30era bitartean izanen da eskaera orriak bete eta sinatzeko epea.

Bortzirietan orain hasiko den sinadura bilketa hau bera egina dute aurretik Baztanen eta Leitzaldean, 65 eta 171 eskaera bilduz eskualde bakoitzean. Orduan emandako datuek agerian utzi zuten osasun alorreko profesional euskaldunen eskasia, “Nafarroako UEMAko 14 udalerrietan, 8 pediatra ari dira lanean eta horietatik lauri bakarrik eskatzen zaie euskaraz jakitea” Eneka Maiz, UEMAko ordezkariak azpimarratu bezala.

HURRENGO URRATSAK
Bildutako eskaerei jarraipena eginen zaie, orain, eta bestetik, Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen zaio eskakizun horiek denak kontuan hartu eta plantilla organikoan beharrezko aldaketak egin ditzan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.