Bistaratzen: Egoera Soziolinguistikoa

Euskararen normalkuntzan hartu beharreko neurriek oinarri sendoa izan dezaten ezinbertzekoa da aldez aurretik egoeraren berri xehea izatea. Horretarako egiten da ikerketa soziolinguistikoa. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hainbat adierazleren bilakaerari erreparatzen dio. Lau urtean behin Nafarroan egiten den zentsoaren jarraipena egiten du euskara zerbitzuak (bertatik lortzen da herriz herrikako informazio demolinguistikoa). Horrez gain, bi urtean behin euskararen erabileraren karrikako neurketa egiten du Bortzirietako herrietan, eta, gisa horretara, erabilera mailaren bilakaerari buruzko informazioa jasotzen du. 4 urtean behin neurketa horrek Euskal Herriko kale erabileraren neurketarekin batera egiten da, eta erabiltzen den metodologia berbera da. 1999an, euskararen inguruko jarrera sozialen berri izateko ikerketa kualitatiboa egitea erabaki zuten Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Malerrekako Oinarrizko Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak. Iruñeko Taller de Soziologia enpresari egokitu zitzaion zeregin hori, eta Euskararen Unibertsoa Baztan, Bortziriak eta Malerrekan 1999 du izenburu lan mardul horrek. Bertzalde, urtero, Bortzirietako ikastetxeetan izan diren matrikulazio datuak jasotzen ditu euskara zerbitzuak. Hartara, irakaskuntza eredu bakoitzean izan diren matrikulazio datuak jarraitzen ahal ditu. Azken urteotan euskara zerbitzuak bildu dituen datu eta adierazle guzti horien irakurketa egiteko, berriki, Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoaren azterketa egin du Soziolinguistika Klusterrak Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hala eskatuta. Horrekin guztiarekin, euskararen egoeraren irudi osatua lortu nahi dugu, baita berau ulertzeko giltzak eskuratu ere, gerora, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen esku hartzeek oinarri sendoak izan ditzaten.