Aurtengo ekainaren 17an iragarri zen 2021eko Etxepare sariaren irabazlea. Amaia Egidazu Arrubek eskuratu zuen saria DOROTEA obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 30 lanen artetik. Aste honetan izan da albumaren aurkezpena,  Zizur Nagusiko Udaletxean. Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

OBRA

Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu DOROTEA albumak: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila. Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz.

Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Patxi Zubizarreta (idazlea), Leire Salaberria (ilustratzailea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina). Besteak beste, honakoak azpimarratu zituzten ora honi buruz: “(…) paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen.”

EGILEA

Amaia Egidazu Arrube (Durango, 1981) berriztarrak umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen. Ingurumena eta energía berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen. Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean.

Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihardu aukera duenetan. Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua (2021).

ETXEPARE SARIA 2022 haurrentzako albumak sortzeko

Urtea hasi bezain laster argitaratuko ditugu sarira aurkezteko baldintzak. Baina hona hemen zertzelada batzuk:

  • Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.
  • Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.
  • Lanak helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).
  • Maiatza aldera arteko epemuga izaten dute egileek eta ekainean hartzen du erabakia Epaimahaiak.
  • Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.
  • Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

 

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.