EKAINAREN 23AN, LESAKAN EUSKARAZ BAI

Lesakako Euskara Batzordeak Euskaraz bai eguna antolatu du ekainaren 23an, San Juan bezperan. Badira zenbait urte euskara batzordeak egun horretan euskararen erabilera bultzatzea helburu duten hainbat ekitaldi antolatzen dituela. Aurten, are gehiago indartu nahi izan dugu erabileraren aldeko mezua, eta udazken partean antolatzen genuen euskaraz bai eguna San Juan bezperan egitea erabaki dugu. Egitarau oparoa prestatu dugu larunbat osorako, goizean goizetik hasita, eta gauera arte.

icon Lesakan Euskaraz bai 2012 egitaraua

Bereziki nabarmendu nahiko genuke ibilbide bati amaiera emanen dion argitalpenaren aurkezpena eginen dugula: Gure etxeak euskaraz, euskara gure etxea. Gisa horretara, herritarrak sentsibilizatzeko duela 4 urte hasi genuen kanpainari akabila emanen diogu, eta bertze berri bati hasiera emanen diogu. Herriko karrika eta inguru bakoitzeko etxeei euren euskarazko izenak paratuta, euskararen inguruko hainbat mezu zabaldu ditugu urteotan. Egindako lan horren emaitza gisa, herritarrei hagitz erabilgarri izanen zaien argitalpena kaleratu dugu.

Lesakako euskara batzordearen gogoeta

Duela zenbait urte euskara batzordeak herritar multzo batek lagunduta gogoeta sakona egin zuen euskarak Lesakan duen egoerari buruz. Orduko kezka begi bistakoa zen: Lesaka herri euskaldun xamarra izanagatik, euskararen erabilerari dagokionez hutsune nabarmenak zeudela. Alegia, euskara arlo guztietan normaltasunez erabiltzetik urrun geundela oraindik ere. Horregatik, euskara batzordeak bere lehentasuna euskararen erabilera bultzatzea zela erabaki zuen. Hala, etxeen izenak paratzearena, lan polita eta ikusgarria izateaz gain, aitzakia izan da hainbat arlotan eta hainbat giza talderi dagokionez euskararen erabileraren aldeko mezua hedatzeko: gazteen artean, gurasoen artean, merkataritzan, etab.

Bide berria

Joan den otsailean, Lesakako Euskara Batzordeak, Bortzirietako gainerako euskara batzordeek bezala, bilera irekia egin zuen euskararen egoerari buruzko hausnarketa herritarrekin eta herriko eragileekin partekatzeko. Horren emaitza gisa, kanpaina edo ibilbide berri bati emanen zaio hasiera. Asmoa da herriko elkarte, eragile, talde, eta abarrekin biltzea euskararen gaiari heltzeko. Bitariko bilerak aurreikusten ditugu, arlokakoak izan badaitezke ere. Norbanako euskaltzaleen aktibatzeari ere garrantzia berezia emanen diogu fase berri honetan.

Euskaraz bai Ttipi-ttapan

Euskaraz bai Diario Vascon