100 m2 ANTZERKI LANA, EÑAUT ELORRIETA & MIKEL MARKEZEN EMANALDIA ETA BERTSO AFARIA BORTZIRIETAN, KORRIKA KULTURALAREN ESKUTIK

Martxoaren 21ean KORRIKA eskualdetik pasako dela probestuz hainbat ekitaldi antolatu dituzte herrietako euskara batzordeek datozen bi asteburuetarako: antzerkia, musika eta bertso afaria esaterako.

Bortzirietan heldu den asteburuan ekinen zaio Korrika Kulturalari, euskararen aldeko lasterketa hasi baino astebete lehenago hain justu. Korrikaren aitzakian eta eskualdea girotu nahian prestatu dira emanaldi hauek Beran, Lesakan eta Igantzin. Aipatutako 3 herriotan kultur jarduera bana antolatu dute herrietako euskara batzordeek, batetik antzerki emanaldia (martxoaren 14an), bestetik hitzaldi-musikatua (martxoaren 15ean) eta bukatzeko bertso afaria (martxoaren 21ean). Hona hemen segidan ekitaldi hauen inguruko informazio xeheagoa.

MARTXOAREN 14an, larunbatarekin,
ANTZERKI EMANALDIA izanen da Berako Kultur etxean, 20:00etan. 100 m2 izeneko obra taularatuko dute Iñake Irastortza, Ana Elordi eta Ramon Agirre aktoreek.
Sarrera 6 €.
Sinopsia: Sara pisu bila dabil eta azkenean gustukoa lortuko du prezio eta leku onean, baina badu zerbait gaizki datorkiona, bertako jabeak bertan bizi beharko du bere azken egunerarte.
Etxearen jabeak 65 urte ditu eta bihotza oso ahuldua dauka, zigarroak etengabe erretzen ditu eta momenturo, gelditu gabe edaten du. Beraz panorama hau ikusita, Sarak pisua erostea erabakitzen du eta andrearen azken eguna noiz iritsiko zain geldituko da. Egun hori ez da iristen…..eta egoera larritzen joango da. Emozioz eta adiskidetasunaz betetako eszena dibertigarriak ikusiko ditugu KOMEDIA eder honetan.

MARTXOAREN 15ean, igandearekin
HITZALDI-MUSIKATUA izanen da Lesakako Harriondoan, 19:00etan, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Eskainiko duten BAGA BIGA HIGA emanaldian euskal kantagintzaren ibilbidea errepasatuko dute 2 abeslari ezagunek, hitzezko solasaldia abestiekin tartekatuz.
Sarrera doan izanen da.

MARTXOAREN 21ean, larunbatarekin
TRIKI POTEOA Igantzin 20:00etan, Biltokitik hasita.
BERTSO AFARIA Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin, 21:00etan, Biltokin. Txartelak 15 euroan izanen dira salgai eta martxoaren 15a baino lehen erosi beharko dira.

MARTXOAREAN 27an, ortziralarekin
KORRIKA TTIKIA, Arantzan 16:00ean. Eskolatik abiatuko da eta herria zeharkatu ondoren, plazan amaituko da euskararen aldeko lasterketa.