ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza online

Nola lagundu seme-alabei haien autonomia garatzen? Eta autoestimua indartzen? Hezkuntza eleaniztunean, zein da familiaren rola? Zein eskolarena? Nola izan seme-alaben bidelagun euskararen ikas-prozesuan? Gero eta gehiago erabiltzen ari diren tresna teknologikoak, nola erabili segurtasunez, nola euskaraz?

Seme-alabak eskolatzean, ez dira haiek soilik ikasteari ekiten diotenak. Gurasoak ere bidelagun dituzte hazkuntzan. Honezkero zenbat gurasok galdetu ote diote beren buruari ez ote lukeen egon behar guraso izaten ikasteko Lanbide Heziketa zikloa, Masterra edo Urrutiko Unibertsitatea… eta hori, gainera, online. Bada, hain zuzen ere, ERAk proposamen hori egin nahi die gurasoei: ERA Eskola edo gurasoentzako trebakuntza online.

Hiru hizlari izanen dira eta emanaldi guztiak zuzenean emitituko dira, streaming bidez, Era Nafarroaren YouTube kanalean. Hizlari bakoitzak saio bana egingo du, 16:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz, eta WhatsAppez zein YouTube kanalaren txataren bidez galderak zuzenean egiteko aukera egongo da. Saioak doakoak izango dira eta ez da aldez aurretik izena eman behar.

ERA eskolak, 2020ko egitaraua:

Azaroak 16, 16:00 (eus) / 18:00 (es): “Gure seme-alabei euskararekin eta hizkuntzekin laguntzearen erronka”. Iñaki Eizmendi

Seme-alabek hizkuntzekin duten harremana aztertuko da modu arin eta atsegin batean. Haurrak eleaniztunak izateko bidean daude, gurasoak haien bidelagun izan daitezke, horretarako aholku eta proposamenak eginen dira, familian seme-alaben hizkuntza-ohiturei oinarri sendoa eskaintzeko. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Hizlaria: Iñaki Eizmendi Gizarte Hezitzailea da, Ebete hizkuntza-zerbitzuak erakundearen sortzailea. Ebetek haur eta nerabeen euskararen erabileran, gaitasunean eta jarreretan eragiteko estrategiak eta tresnak lantzen eta eskaintzen ditu. Iñakik formazio saioak eskaintzen ditu irakasle eta eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileentzat, baita gurasoentzako hitzaldi eta lantegiak ere. Hizkuntza-ohituretan eragitera begirako hainbat proiektu eta ekimenetan ere parte hartzen du.

Azaroak 18, 16:00 (eus) / 18:00 (es): “Seme-alaben autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzen”. Nerea Mendizabal

Haurrek egiten duten horretan interesa izatea nahi dugu, eta, gainera, beren kabuz egin ahal izateko behar adinako segurtasuna izatea. Guzti hori euskararekin gozatuz egiten bada, gainera, are eta hobeki. Batzuetan, eskolako lanak etxean egin behar izaten dira eta, sarritan, une horiek neketsuak izaten dira. Antzeko egoera horiei aurre egiteko eta garrantzitsuak diren harremanak zaintzeko baliabide eta pilulak eskainiko dira. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Hizlaria: Nerea Mendizabal Komunikazio ez bortitzeko hezitzailea da – “Center-for NonViolent Communication”-ak ziurtatua, psikopedagogoa, gizarte hezitzailea, haur- masaje hezitzailea, haur/gazte eta guraso/hezitzaileen arteko harremanetan aditua. Harremanen arteko komunikazioa lantzen dihardu azken 14 urteetan. Haur/gazte eta guraso/hezitzaileekin lanean aritu ondoren, egun, edozein erlazio motan asetzen gaituen komunikazioa bultzatzea du helburu.

Azaroak 25, 16:00 (eus) / 18:00 (es): “Euskara, sareko baliabideak, Google tresnak eta zibersegurtasuna”. Julen Linazasoro.

Gaur egungo egoerak ikasleak eskolako lan asko etxean egitera behartu ditu. Horretarako, Googleko tresnak erabiltzen dituzte. Tresna horiek euskaraz jartzeko eta sareko zenbait baliabide modu egoki eta seguruan erabiltzeko zenbait aholku emanen dira hitzaldi honetan. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Hizlaria: Julen Linazasoro 2010etik ari da ikastetxe eta enpresa ezberdinetan tresna digitalak nola erabiltzen diren irakatsiz. 10 urte baino gehiago haur eta gazteekin lan egiten aritu ondoren, mundu digitalean adin txikikoek aurkitzen dituzten arazoak ezagutu eta horiek saihesteko formazioak ere ematen ditu. Arabako “Har ezazu kontrola” programaren sortzailea da Vital Fundazioarekin batera. Duela zenbait urte interneteko macsonrisas enpresa eta markaren sortzailea da eta irailean familientzako ikasketa plataforma bat sortu berri du.