2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu da; Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina telematikoa eta 19an aurrez aurrekoa. Ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udal eta mankomunitateekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.

Izan ere, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte goiti egiten ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Bortzirietan euskaraz errenta aitorpen gehien Arantzan egin ziren 2018an, eta halere % 9ra ez zen ailegatu euskaraz egin zutenen kopurua.

Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren bertze urrats bat baita. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte hartzea ere beharrezkoa da.

Gaur egun aunitzetan errenta aitorpena eginda bidaltzen dute foru administraziotik, eta bertze kasuetan aurrez aurre egin behar izaten da, eta horretarako herritar gehienek banketxeetara jotzen dute. Bi kasuetan herritarrek aitorpena euskaraz bidaltzea edo egitea eskatzen ahal dute. Herritarrek aukera horren berri izan dezaten eta aitorpena euskaraz egitera anima daitezen kartelak eta mezuak bidaliko dituzte UEMAk, udalek eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.