Errenta aitorpena euskaraz

COVID-19aren osasun larrialdiak errenta aitorpenaren kanpainari ere eragin dio. Aurten kanpaina beranduago hasiko da, maiatzaren 6an hain zuzen, eta uztailaren 20ra arte luzatu dute tramite hori egiteko epea. Horrez gain, egiteko modua ere aldatu da: errenta aitorpena ezin izanen da modu presentzialean egin, telefonoz edo internetez egin beharko da. Hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak emandako prentsaurrekoan.

Errenta aitorpenaren gaineko xehetasun guziak www.errenta.nafarroa.eus webgunean jarri dituzte. Hortxe ikusten ahal da aitorpena online nahiz telefonoz egiteko aukerak zein diren. Bertzalde, ohi bezala, aitorpena banketxeetan eta aholkularitza zerbitzuetan ere egiten ahal da.

Egoera berezi honetan ere hizkuntzaren irizpidea gogoan izatera animatzen ditugu herritarrak, errenta aitorpena euskaraz egin dezaten, UEMAk prestatu duen kanpainarekin bat eginez.

Aitorpena Nafarroako Gobernuaren webgune horren bidez egitera, euskarazko bertsioan informazioa hizkuntza horretan topatzeaz gainera, aitorpena bera euskaraz egiteko aukera dago. Eta banketxe edo aholkularitza zerbitzuetan eginez gero, bertako langileari aitorpena euskaraz nahi duzula adieraztea bertzerik ez da.

Urtetik urtera handitzen ari da errenta aitorpenaren tramite hori euskaraz egiten dutenen kopurua, baina halere oraindik urruti gaude errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik. Hona Bortzirietan UEMAn dauden lau herrietan 2018ko errentaren aitorpena euskaraz egin zituztenen kopuruak:

                Arantza: % 8,28

                Bera: % 3,39

                Etxalar: % 7,79

                Igantzi: % 7,16

Datu horiek hobetzea aski erraza da: Internet bidez, telefonoz, aholkularitza bulegoan edo banketxean egin, zure errenta aitorpena onartu baino lehenago euskaraz egin nahi duzula adierazi behar duzu.

Zure herriko datuak hobetzeko prest?