Ba al du euskarak presentzia aski gure seme-alaben bizitzetan, lagunarteko harremanetan, etxean, pantailaren aurrean, eskola orduz kanpoko jardueretan…? Euskara, eskolan ez ezik, bizitzan ere ikasten da!

Ikasturtearekin batera Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako bertze hainbat euskara zerbitzurekin batera, seme-alabak D ereduan matrikulatu dituzten familiei zuzendutako kanpaina hau abiatu du. Mezu hau zabaltzeko bi euskarri sortu dituzte zerbitzuok:

Bideoa

Bideoa Lesakan grabatu zen, bertako hainbat aisialdi talderen laguntzarekin.

Eskuorria

Azken hau dekalogo bat da, eskolatik kanpoko denbora tarte zabal horretarako 10 aholku praktiko ematen dituena Lehen Hezkuntzako 1. mailan hasi diren ikasleen familiei banatuko zaie, ikastetxeen bitartez. Hemen ere ikus daiteke.

Kanpainaren nondik norakoak

Helburua da familia horiei oroitaraztea, haurrak euskarazko ereduan eskolatuak izanik ere, zeinen garrantzitsua den eremu horretatik kanpo euskarak presentzia izan dezan beren bizitzetan.

Eskola funtsezkoa bada ere, umeek urteko esna orduen % 15 bakarrik ematen dute bertan. Horregatik da hain garrantzitsua arreta beste % 85ean jartzea, euskarak ahalik eta presentzia handiena izan dezan denbora tarte zabal horretan, lagunarteko harremanetan, kultur kontsumoan, eskolatik kanpoko jardueretan…. Izan ere, hizkuntza, eskolan ez ezik, bizitzan ere ikasten baita.

Gurasoak, euskaraz jakin ala ez, giltzarri dira eskolaz kanpoko tarte zabal horretan haurrek eginen duten ibilbidean eta erabakiak hartzeko unean hizkuntzaren faktorea presente egon dadin.

Tokiko euskara zerbitzuek abiatu berri duten kanpaina berri hau era.eus webgunean biltzen den ekimen zabalago baten parte da. Webgune hori euskaraz ikasten duten haurren familiei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas prozesua osatzeko helburuarekin sortu zuten. Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia baita.

Antolatzaileak

Toki entitate hauetako euskara zerbitzuek antolatu dute ekimen hau:  Aezkoako Batzarre Nagusia; Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Aranguren Ibarreko Udala; Atarrabiako Udala; Auritz, Erroibar, Artzibar eta Luzaideko Udalak; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Eguesibarko Udala; Estella-Lizarrako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Irantzuko Mankomunitatea; Iruñeko Udala; Izarbeibarko Mankomunitatea; Malerrekako Mankomunitatea; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Orkoien, Oltza Zendea eta Etxauriko Udalak; Sakanako Mankomunitatea; Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzar Nagusiak; Zizur Nagusiko Udala.

Nafarroako Gobernuko Euskarabideak diruz lagundutako proiektua da

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.