Urtero bezala, Nafarroan euskara zerbitzua duten hainbat toki entitatek -Bortzirietako Euskara Mankomunitatea barne- albumak sortzeko Etxepare saria antolatu dute.

2019ko ekainaren 21ean iragarri zen 2019ko Etxepare sariaren irabazlea Iruñean, Kondestable jauregian. Asier Iturraldek (Gaston) eta Aintzane Usandizagak eskuratu zuten saria, ETXE HONETAN obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 23 lanen artetik–inoizko ediziorik emankorrena-; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

OBRA

Etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi baten eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz goiti paratzera datorren ilobaren arteko harremana da gaia.

Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, umorea maisuki erabiliz eta irribarrea lehen minututik sorraraziz. Irakurleak erabaki dezala nork agintzen duen ETXE HONETAN.

Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Leire Bilbao (idazlea), Leire Salaberria (ilustratzailea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina). Besteak beste, honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

“Egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan.

Hitz gutxi baina nahikoen bitartez topikoetatik ihes egiten du eta lerro artean erakusten digu familia amak, osabak eta aipatutako bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela eta bera dela zaintza lanetaz eta kozinatzeaz arduratzen dena (errezeta bat eta guzti ematen digu!).

Irudi aldetik, aipatzekoak dira erabili diren errekurtso narratiboak: etxea bera bertze pertsonaia baten moduan tratatua izan da eta istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen digu. Marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten diote eszena bakoitzean eta bertan pausatu eta goitik behera detaileei begira egotera gonbidatzen gaituzte.”

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.