Etxepare erakusketa Berako liburutegian ikusgai

Apirilaren 19tik 30era bitartean Etxepare erakusketa ikusgai egonen da Berako liburutegi publikoan. Erakusketa zabalik egonen da astelehenetik ortziralera, arratsaldez, liburutegiko ordutegian.

Nafarroako hainbat toki entitatetako euskara zerbitzuek prestatutako eta antolatutako erakusketa da hau, haurrentzako album ilustratuak saritzea helburu duen Etxepare sariaren azken urteotako emaitzak erakustea helburu duena.

Euskara zerbitzuek sariketa hau martxan paratu zuten 2004an, ikusita euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak zirela, eta ez euskaraz sortuak. Hutsune hori bete nahi izan du sariketak urte hauetan.

Kontuan izan behar dugu albumak dituen ezaugarriengatik garestia dela bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da, eta, horiek horrela, liburuak argitaratu egiten dira Pamiela argitaletxearen eskutik.

Orain arte plazaratutako liburu guzien erakusketa da hau, guziak ere kalitate handikoak eta euskal literaturaren alorrean erreferentziazkoak. Ikusgai dauden lanen artean eskarmentu handiko egileenak daude, baina bertze aunitzek beren burua Etxepare sariaren bitartez eman dute ezagutzera. Euskal literaturan album irudidunen alorrean egun egiten denaren isla da erakusketa.