Azken urteotan Nafarroako hainbat toki entitatetako euskara zerbitzuek, tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Etxepare sariketa antolatu izan dute, haurrentzako album ilustratuen sormena bultzatzeko helburuarekin. Duela bi urte saritutako albumekin erakusketa bat antolatu zuten euskara zerbitzuek, eta Lesakan egonen da ikusgai, apirilaren 25etik maiatzaren 6ra. Erakusketaz gainera bi jarduera osagarri antolatu dira, haur zein gurasoei zuzenduak:

Erakusketa

Liburutegian (Harriondoa) egonen da ikusgai, apirilaren 25etik maiatzaren 6ra, astelehenetik ortziralera, 14:00-20:00 bitartean. Etxepare sariketan saritutako album guziak Lesakako liburutegian daude, maileguan hartzeko moduan.

Solasaldia

Erakusketaren irekiera ekitaldi modura, apirilaren 25ean hitzaldi bat izanen da, “Nola erakarri haurrak euskaraz irakurtzera?” izenburupean. Galtzagorri Elkarteko Intza Alkain izanen da hizlaria. Guraso, irakasle zein gai honetan interesa izaten ahal duen edozeini irekia da. Hitzaldia euskaraz izanen da.

Dorotea tailerra

Erakusketari akabaila emateko, maiatzaren 6an “Dorotea ipuin kontaketa eta collage tailerra” izanen da, Amaia Egidazuren eskutik. Hain zuzen ere, Egidazuk irabazi zuen Etxepare Sariketa 2021 urtean, Dorotea album ilustratuarekin.

Tailer hau 6-10 urte bitarteko haurrei zuzendua da, eta gehienez ere 20 haurrek parte hartu ahalko dute. Orduari dagokionez, 17:30-19:00 bitartean eginen da.

Erakusketa Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, Lesakako Udalaren eta Lesakako Liburutegi Publikoaren laguntzarekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.