Euskara ikasteko diru-laguntzak

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak egoera ekonomiko eta sozial larrian dauden herritarrentzako diru laguntzak ematea onartu du. Ez da lehen aldia, 2007az geroztik urtero eskaini baititu gisa honetako laguntzak. Diru laguntza honen helburua da dirua euskara ikasteko ahalik eta oztoporik txikiena izatea.

Diru laguntza hauek kobratu ahal izateko, beharrezkoa da interesatuak euskaltegian matrikulatuak egotea, Bortzirietako udalen batean erroldatuak egotea, eta familia unitatean dauden kideak kontuan hartuta kide bakoitzeko hilabetean 500 euroko sarrera ez gainditzea.

Diru laguntzak 2011-2012 ikasturtean euskaltegian izen eman dutenentzako izanen dira. Tramitazio guztia Gizarte Zerbitzuan (948635036) egin behar dute, nahiz eta diru laguntza Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ematen duen.

Diru laguntza eskatzeko, dokumentazio hau guztia aurkeztu behar dute, urriaren 28a baino lehen:

o Eskaera-orria, Gizarte Zerbitzuek prestatutako eredua erabilita.
o Gizarte Zerbitzuek egindako txosten soziala, eta eskatzailearen diru sarreren frogagiria.
o Euskaltegiaren ziurtagiria, datu hauek jasoz: ikaslea bertan matrikulaturik dagoela, zein urratsetan eta zenbateko dedikazioarekin, eta zenbateko matrikula dagokion ordaintzea.
o Erroldatze agiria.

Bortzirietako Euskaltegian matrikulatu diren ikasleek, diru laguntza hau jasotzeko baldintzak betetzen badituzte, ez dute dirurik aitzindu beharko. Aldiz, hortik kanpo ari diren ikasleek, dagokien euskaltegian matrikula ordaindu beharko dute, eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak diru laguntza interesatuei zuzenean emanen die, bi zatitan: lehenbizikoan urritik abendura bitarteko zatia ordainduko die, eta 2012an urtarriletik ekainera bitartekoa.

Oinarriak osorik irakurri ahal izateko, erantsita doan pdf dokumentua zabaldu behar da.

icon Euskara ikasteko diru laguntzak