Nota ona atera dute Bortz herrietatik lauk, UEMAK, udalei egindako euskararen azterketan, Arantza, Igantzi, Etxalar eta Berak. Euskararen erabilera administrazioan, euskarak hizkuntza paisaian zein herritarrekiko harremanetan duen presentzia neurtzen ditu, besteak beste, galdeketa honek. Bortzirietako kasuan emaitza onak jaso dira: ARANTZAK eta IGANTZIK goiko maila eskuratu zutela jakin genuen, duela gutxi. Azken berrien arabera ETXALAR ere euskararen mendi TONTORRERA iritsi dela jakinarazi dute Uematik, eta goiko puntan dago ARANTZA eta IGANTZIREKIN batera. BERAko udala maila bat azpitik dago, baina halere oso emaitza onekin, GORABIDEAN maila lortuta. LESAKA da Bortzirietan emaitzarik kaxkarrena eman duen udalerria, eta MAGALEAN mailan geratu da, baina euskararen aldeko urratsak emanez segitzen badu laster lortuko du beste koska bat gainditzea erabilerari buruzko neurketa honetan.

Emaitza hauek eman ditu udaletako erabilera planen gainean, UEMAk, berriki, egindako azterketak. 4 mailetako sailkapena du egina UEMAk, bere baitan diren Udalerri Euskaldunen erabilera planak aztertu eta egindako lorpenen arabera udalerriak mailakatzeko: ABIAN, MAGALEAN, GORABIDEAN eta TONTORREAN. 4 koska dituen zerrenda honetan zenbat eta gorago euskararentzat orduan eta hobekiago. Administrazioan euskarak duen garrantzia eta ematen zaion lekua aztertzea du helburu UEMAk, eta horretarako abian jarri zuen, joan den urtean, Euskararen erabilera planen azterketa. Helburuak zehazteko urtea izan zen, beti ere, euskarak udalean espazioa irabaz zezan: udal langileen arteko zein herritarrekiko harremanetan, barneko zein kanpoko administrazio kontuetan (bandoak, agiriak, baimenak, jakinarazpenak…) Udalerri bakoitzak bere euskararen erabilera planetan oinarrituta bete beharreko helburuak lortu ote dituen frogatzeko tenorea izan da orain.

Lanketa horren azken emaitzak jaso ditugu egunotan UEMAren eskutik, eta albiste onak ekarri ditu, orohar, Bortzirietara, arestian aipatu bezala. Euskal Herriko berezko hizkuntza sustatzeko helburu eta nahiarekin bat egin zuten Bortzirietako Udalek UEMArekin. Arantza da ibilbide honetan aitzindaria, 1995ean sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. Etxalarko eta Berako udalak 2009tik dira UEMAko kide, Igantziko eta Lesakako udalak berriz, 2012an sartu ziren. Igantziarrak Ueman sartutako azkenak badira ere, garbi erakutsi dute denbora gutxian lorpen handiak eskuratu daitezkeela, eta udalean euskarari behar duen garrantzia eta lekua emanez TONTORRERA iritsi dela.

UEMAren jardunbidea arautzen duten estatutuetan dio bere helburu orokorra dela, besteak beste, udal partaideen administrazioetako barne jardueran eta udalerrietako arlo guztietan euskararen erabilera ahalbideratzea eta bermatzea.

Horiek horrela, UEMAk euskararen erabilera normalizatzeko plangintza abiatzea erabaki zuen 1995ean udal partaideen jarduera eremuan, eta lehen azterketak egin zituen hurrengo urtean.
Euskara planaren helburu nagusia da Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko.
Horrenbestez, euskara plan honen helburu estrategikoek helburu nagusia lortzeko landu beharreko ildo nagusiak markatuko dituzte:
1. Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
2. Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
3. Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.

Egun, Udalek euskararen erabilera plana berritzeari ekin diote eta, beraz, agiri berria hurrengo bost urteei begira onartu beharreko plana da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.