Heldu den larunbatean, irailak 22, Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa izanen da Euskal Herriko 70 herri baino gehiagotan, Kontseiluak antolatuta.

Bortzirietan lasterketa Beran eginen da, arratsaldeko 4:30ean hasita. Haurrek zein helduek parte hartuko dute. Lehenik haur eta gaztetxoen lasterketak eginen dira. Adinaren arabera, lau ibilbide prestatu dira: 6 urte bitartekoek 200 metroko lasterketa izanen dute; 7-10 urte bitartekoek 500 metrokoa; 11-15 urte bitartekoek 1.200 metrokoa. Gaztetxoek, 16-18 urte bitartekoek 5 kilometroko ibilbidea izanen dute. Eta 18 urtetik goitikoen kasuan, emakumeek 5 kilometroko ibilbidea eginen dute, eta gizonezkoek 7 kilometrokoa.

Izen emateko www.euskarazbizinahidut.org orrira jotzen ahal da, edo www.lasterketak.com orrira. Bertzela ere, egunean bertan izen ematen ahalko da, kiroldegiaren aitzinean egonen diren mahaietan.

Haur eta gaztetxoek 2 € ordaindu beharko dute izen emateagatik, eta kamiseta nahi badute 7 €. Helduek 5 € ordaindu behar dute, eta kamiseta nahi izanez gero 10 €.

Lasterketaren ondotik ekitaldi bat eginen da, bertsolariekin eta txarangarekin. Eta, bukatzeko, parte hartzaile guztien artean hainbat opari zozketatuko dira.

Lasterketa hau Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamika zabalaren barrenean kokatu behar da. Dinamika hori 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioarekin abiatu zen, jendarte mugimendu zabala eratzeko helburuarekin. Euskaraz bizi nahi duen orok du lekua dinamika horretan. Aunitz gara euskaraz bizi nahi dugunak, eta gure eguneroko jardunean indar hori metatzen joan behar dugu. Denboran zehar dinamika hau esparru desberdinetara hedatzen joanen da, eta oraingoan lasterketaren bidez adieraziko dugu gure nahia.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.