Euskarazko produktuen katalogoa etxez etxe

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa 21. edizioa da—, Euskal Herriko 115 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bertzea.

Paperezko edizioa Bortzirietan etxez etxe
Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 1.000 aletik goiti Bortzirietan 3-14 urte bitarteko neska-mutikoak dituzten etxe guztietara. Azken urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal izanen ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta bertze aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen berri honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian dauden 2019ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Katalogoa sarean: www.katalogoa.eus
Edizio digitalak dagoeneko 10.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko
haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bertzea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen dataren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izanen du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.
Nobedadeen segimendua sare sozialen bitartez edota buletin elektronikora harpidetuz egiten ahal da. Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera dute. Gainera, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.