Berako Euskara Batzordeak urteko kultur ekitaldiei amaiera emateko Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna antolatu du datorren abenduaren 28rako (larunbata), arratsaldeko 7:30ean. Ikuskizun horretan Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariez gainera, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek ere parte hartzen dute.

Bertsoa, antzerkia, poesia eta musika nahasten dituen ikuskizuna da. Haurtzaroa, egoa, askatasun pertsonala, beldurrak, gizontasuna… eta antzeko gaiak izanen dituzte mintzagai, ohiko bertso saioetan erabiltzen dituzten gaietatik haratago joan nahirik eta barne mundurantz bidaiatzeko aukera emanez. Beraz, izenburua “probokatzailea” izan daitekeela diote bertsolariek, normalean saioetan horrelako gai sozial eta politikoen inguruan kantatu ohi dutelako. Ikuskizun honetan, gai horiei garrantziarik kendu gabe, gai intimoagoei buruz arituko dira.

“Abilak gara —diote bertsolariek— munduaren gaineko irakurketa politiko eta sozialak egiten, bai eta bizilagunak epaitzen ere, baina, erreparatzen al diogu geure barne munduari? Partekatzen al ditugu gure benetako izuak, konplexuak, minak, desioak…? Ez gara kantariak baina kantatu egiten dugu, ez gara aktoreak baina antzeztu egiten dugu, ez gara gidoilariak baina gidoi bat prestatu dugu… Azken batean, garena erakutsi nahi dugu, entzulearen aurrean biluztuko gara: beldurretik ausardiara, burutik emoziora, gizonkeritik gizonera, ridikulotik umorera…”.

Berako Euskara Batzordeak bertako kultur batzordearen laguntzarekin antolatu du ekitaldi hau. Sarrerak 3€ balio du, eta leihatilean bertan eskuratzen ahal da, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.