Arlo guzietan gertatu bezala, aurtengo Berako Kafe Antzerki Zikloan ere nabarituko dira osasun larrialdiaren ondorioak. Halere, Berako Euskara Batzordeak zikloari eustea erabaki du, aldaketa nabarmen bat eginda: emanaldiak ez dira herriko ostatuetan eginen, kultur etxeko areto handian baizik. Horrez gain, aforoa mugatua izanen da, emanaldiaren unean ezarriak dauden kopuruen arabera.

Bi emanaldi izanen ditu zikloak. Lehena, azaroaren 29an izanen da, igandearekin, 18:00etan. Tartean Teatroak “Ez dok hiru akustikoa” eskainiko du. Euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko gaituen ikuskizuna da, Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala. Euskal musika ondarea du ardatz; izan ere, euskal musika ondarea da, altxor bat, eta euskaldunen memoria historikoaren lekuko emozionala. Aktoreen moduko ikuskizuna da, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari euskal musikarekiko maitasuna dario. Aktore lanetan Patxo Telleria, Mikel Martínez eta Adrián García de los Ojos arituko dira.

Bigarren emanaldia abenduaren 6an izanen da, igandearekin, 18:00etan. Eidabe Taldeak “Zutuberrak” antzezlana eskainiko du, publiko gazteari (10-14 urte) zuzendutako lana. Bits eta Gor gazte alai eta aktiboak dira protagonistak. Txip aldaketetan jostetan ariko dira: robotak bailiran, burmuinean txip berria sartzen, bakoitzak bere gogoko dohaina aukeratzeko. Gorrek indarra hautatuko du. Bitsek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu eta, hitzei esker, trebetasun handia izanen du rap kantari gisa. Ondorioz, sekulako arrakasta izanen du sarean, YouTuben. Gorrek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bitsi. Orain ezinen du rapeatu, hitzik gabe galduta dago. Hizkuntza ezabatuko baligute gertatuko zenaz gogoeta egitera gonbidatuko dituzte gaztetxoak. Aktore lanetan Olatz Pagaldai, Jon Zubiaga eta Urko Olazabal arituko dira.

Sarrerak 3 euro kostatuko dira, eta egun berean lehiatilan erosi ahalko dira, 17:00etatik aitzinera. Bakoitzak gehienez ere 4 sarrera erosi ahalko ditu.

Zikloa Berako Euskara Batzordeak antolatu du, Berako Kultur Batzordearen eta Nafarroako Antzoki Sarearen laguntzarekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.