Abian da 2021eko Etxepare saria, haurrei zuzenduriko album ilustratuak sortzeko helburua duen sariketa. Oinarriak argitara eman dira dagoeneko, eta  lan originalak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 7an, ortziralean, itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2021eko ekainaren 30a izanen da.

Etxepare saria Nafarroako hainbat toki entitatetako euskara zerbitzuek elkarlanean antolatzen dute 2004az geroztik. Izan ere, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusi zuten, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatzen hasi ziren. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko albumen sorrera bultzatzen duten beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Bertzalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta sari bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Oinarriak 2021 Web

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.