Aurtengo Etxepare sariak baditu irabazleak: Iban Illarramendi ilustratzaileak eta Eider Pérez idazleak eskuratu dute saria, Kiratsa albumarekin; guzira 35 lan aurkeztu dira sariketara.

 

Lan irabazlea:

Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.

Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena.

Epaimahaia:

  • Miren Asiain (ilustratzailea)
  • Idoia Sobrino (liburuzaina)
  • Patxi Zubizarreta (idazlea)

Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa.

Argitalpena: Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2022ko udazkenean.

Saridunak:

Iban Illarramendi Echabe (1973, Zarautz). Ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa. Argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan batez ere. Euskarri ugaritarako egiten ditu ilustrazioak; kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoen azalak edo arropa. Gainera, ilustrazio esperimentaleko tailerrak ematen ditu  haurrentzat, eta hainbat erakusketa indibidual eta kolektibo egin ditu. Bere sorkuntza-unibertsoa natura, itsasoa eta euskal sustraietan inspiratua dago. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztua erabiltzea gustatzen zaio. Teknika mistoak —analogikoak eta digitalak— erabiltzen ditu eta lettering-ak ere badu tokia.

 

Eider Perez Adeletx (1995, Pasaia Trintxerpe). Hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian kolaboratu du besteak beste. 2021ean Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen Eztena jaialdiko liburu-bilduman.Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen Ane Zubeldiarekin batera eta Andre eta Jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egin zuten gero Leire Etxezarreta musikariak eta berak elkarlanean. Aurkezle, gidoigile eta sormen-irakasle lanetan aritu izan da eta irudimenaren munduan murgilduta lan egiten du geroztik.

Antolatzaileak:

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute.Tartean da Bortzirietako Euskara Mankomunitatea. Laguntzaileak Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea dira, eta Nafarroako Gobernua-Euskarabideak babesten du.

Sariaren ibilbidea:

Nafarroako 22 entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen duten literatura sari honen hazia —album ilustratuak euskaraz sortzeko eta argitaratzeko xedearekin— 2004an erein bazen ere, esan genezake egungo egoera zertxobait aldatu dela. Izan ere, garai hartan ikusitako beharra, hutsunea, ez da hain nabarmena. Zer esanik ez Pamiela argitaletxetik, Kalandraka argitaletxearekin batera arituta, jasotzen dugun uztari dagokionez. Aurtengoarekin dagoeneko 16 izango baitira album ilustratu sarituak eta argitaratuak euskaraz, sari hau dela medio. Guztiak ere kalitate handikoak.

Horrekin guztiarekin batera, Iruñeko Udalak, urtero, ilustratzaile eta idazleekin BikoTeka topaketak antolatzen ditu, eta bertan ere album ilustratu ederrak sortu dituzte, saria jaso dutenak. Hain zuzen ere, aurtengo edizioko irabazleek topaketa horietan parte hartu dute. Izan ere, Etxepare saria, urte luzez, sortzaileen hauspoa izan da. Haiei esker, istorio eta irudi zoragarriak loratu dira ikusgarritasunaren eta prestigioaren landan.

Literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin jaio bazen ere Etxepare saria, hemendik aurrera —aurrekoaz gain—, hertsiki lotuta dagoen beste lan bati helduko dio: kulturak duen funtzio linguistikoan sakondu.

Kultura iruditeriek bide asko zabaltzen dizkigute, eta baita lagundu ere munduan leku bat egiten, komunitate bat egituratzen, barne-mundua elikatzen, trukea sustatzen, jolaserako espazioa sortzen, arakatzera gonbidatzen, etab. Bide horiek guztiak euskal kulturatik egiteak badakar mundu-ikuskera jakin batzuetatik aritzea, komunitate jakin batzuekin lotzea, jolaserako baliabide konkretu batzuetan trebatzea, etab.

Ez dugu ahazten ere, bestalde, euskarak —bere eremuan— kalitatezko eta erakargarri izan behar duela, ikusgarritasuna eta prestigioa lortu nahi baditu. Garrantzi handia du ikusgarri izateak, inguruko beste kulturen pare agertzeak, eta horretan dugu erronka, ikusgarri eta eskuragarria izatea. Euskal kultura bizi eta gozatzea lor daiteke, eta zenbat eta gehiagok bere egin, orduan eta prestigio handiagoa izango du.

Aitzineko urteetako saridunak:

Urtea Lana Egileak
2021 Dorotea Amaia Egidazu
2020 Lorerik gorriena Sandra Garayoa & Itziar Otegi
2019 Etxe honetan Aintzane Usandizaga & Asier Iturralde “Gaston”
2018 Cosimoren katiuskak Dani Mariarena & Ana Ibáñez
2017 Arraroa Ainara Azpiazu “Axpi” & Paula Estévez
2016 Zerua gris dago Liébana Goñi & Isaak Martínez
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean Pello Añorga & Jokin Mitxelena
2014 Hiltzaileak Leire Salaberria
2013 Gerrak ez du izenik Leire Bilbao & Maite Mutuberria
2011 Hara! Miren Asiain
2010 Euria ari duenean Leire Salaberria
2009 Alex, nire laguna Mikel Gurrutxaga & Maite Gurrutxaga
2008 Katalina kontalari Iñaki Zubeldia & Estibalitz Jalón
2007 Zirkua amets Joxan Ormazabal & Iraia Okina
2006 Gerlari Handia Pello Añorga & Jokin Mitxelena

 

PRENTSA-OHARRA-2022

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.