II. plan estrategikoa lantzeko saio parte hartzailea

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea euskara biziberritzeko 2021-2024 aldirako plan estrategikoa prestatzen ari da. Bigarren plan estrategikoa izanen da hau eta, lehenengoarekin egin bezala, oraingoa ere bertako herritar eta entitateen parte hartzearekin osatu nahi du.

2013an lehen plan estrategiko hura osatzeko saio parte hartzaile jendetsuak egin ziren, 100dik goiti herritarren eta entitateren parte hartzearekin. Aurten ere antzeko prozesu bat zuen gogoan mankomunitateak, baina osasun egoerak hasierako asmoa goitik beheiti aldarazi du.

Irailaren 18an saio parte hartzailea Beran

Saio parte hartzaile presentzial bakarra eginen da aurtengoan, hain zuzen heldu den irailaren 18an, ortziralez, 17:00etan (iraupena: 3 ordu). Saioa Beran izanen da, Kultur Etxean. Saio horrek bi helburu izanen ditu:

  1. Aitzineko planaren ebaluazioari errepasoa egitea (erantsita ebaluazioaren laburpena; inork dokumentu osoa nahi izanez gero mankomunitatean eska dezala).
  2. 2021-2024 plan estrategikoaren ildo nagusiak lantzea (erantsita plan berriaren zirriborroa).

Saio dinamikoa izanen da, eta Elhuyar Aholkularitzak gidatuko du.

Izen ematea beharrezkoa

Bizi dugun egoera dela eta, osasun neurriak zorrotz betetze aldera, aforoa mugatua izanen da. Horregatik, beharrezkoa da aitzinetik izen ematea, irailaren 15a (asteartea) baino lehen. Izen ematea telefonoz, whatsappez nahiz epostaz egin daiteke: 948 634 125 / 680 650 650 / euskara@bortziriak.eus

Norbere musukoarekin joatea nahitaezkoa da.

Online galdetegi arrakastatsua

Prozesu parte hartzaileari hasiera emateko mankomunitateak online galdetegia zabaldu zuen joan den ekainean hainbat herritar eta eragileren artean. Funtsean hurrengo urteetan euskarak Bortzirietan izanen dituen erronkei buruz galde egin zitzaien. Parte hartze arrakastatsua lortu zen, 58 herritar eta eragileren erantzunak bildu baitziren. Galdetegi horren emaitzak irailaren 18ko saioan emanen dira.