Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk

Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko. Bi lan sarituko dira lehen deialdian, bakoitza 5.000 eurorekin.

Udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ziren iaz UEMA, Kontseilua, Udako Euskal Unibertsitatea eta Gaindegia, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu zituzten, horiek guztiak hainbat arlotako adituekin batera aztertu ondoren. Orain, oinarri horiek aintzat hartuta, udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahi dituzte agintaldi berrian. Horretarako, Iñaki Arregiren omenezko beka sortu du UEMAk.

5.000 euroko bi lan sarituko dira

Zehazki, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi ditu Iñaki Arregi Bekaren lehen deialdiak. UEMAk sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.

Lehen deialdi honetan, 5.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izanen diren. Egun horretatik aitzinera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izanen dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izanen dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak. Oinarriak eta informazio zehatza hemen.

Iñaki Arregi, UEMAren arima

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Ederki zekien UEMAren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta UEMAren arima izan zen, sorreratik.

Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.