Ikerketa eremua zabaldu eta lanak aurkezteko epea luzatu dute antolatzaileek, bertze zenbait aldaketarekin batera. Oinarriak berrargitaratu eta azaroaren 1ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Udalerri euskaldunen garapena aztertzea, ikerketa sustatzea eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzea du xede UEMAk sortutako bekak. Deialdi honetan bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin. Eusko Jaurlaritzaren babesa du deialdi honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntzarekin batera.

Apirilean zabaldu zuen UEMAk Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, eta lanak aurkezteko epea ekainean amaitu zen. Jasotako lanen kopuruak, ordea, hausnarketa eginarazteko beharra utzi zuen agerian, eta oinarrietan aldaketak egitea proposatu zuten epaimahaikideek, deialdia ikertzaile gazteentzat eta unibertsitate ikasleentzat egokiagoa zen garaian egiteko, azterketen ohiko zurrunbilotik aldenduta. Horrela, bekaren ikerketa eremua zabalduta, garaia aldatuta eta lanak aurkezteko epea luzatuta, oinarri berriak argitaratu dira, eta azaroaren 1ean amaituko da eskaerak eta egitasmoen laginak aurkezteko epea.

6.000 euroko bi lan sarituko dira

Bigarren deialdi honetan, 6.000 euroko bi lan sarituko dira, eta epaimahaiak azaroaren 17an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aitzinera, saridunek 12 hilabeteko epea izanen dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izanen dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura izanen du bekak baina, oinarri berrien arabera, ez da horretara soilik mugatuko.

Iñaki Arregiren oroimenezko beka

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.

2019ko deialdiaren irabazleak

Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak. Batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa. Bertzetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.
Hemen bi lanak eskuragai.

· Joseba Garmendia: Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia (Joseba Garmendia) (PDFan).
· Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria: Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak (PDFan).

· IÑAKI ARREGI IKERKETA BEKA: Bigarren deialdia. 2021eko iraila. Oinarri berriak.

· Iñaki Arregi ikerketa beka. Oinarri berriak. 2021eko iraila (PDFa).

LANAK AURKEZTEKO ESKAERA ORRIA:
Eskaera-orria (PDF).
Eskaera-orria (doc).

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.