IZENA EMAN EUSKALTEGIAN!

2014-2015 matrikulazio kanpaina

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Malerrekako Mankomunitateak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Baztango udalak euskaltegietako matrikulazio kanpainaren berri eman nahi dizuegu. Hastear den ikasturtean herritarrak euskara ikasi eta hobetzera animatu nahi zaituztegu, gure eskualdeko euskaltegietan izena emanez.

Izan ere, Nafarroako mendialde honetan euskarak gero eta toki handiagoa du gizarte bizitzan, herritar anitzek beren eguneroko jardunetan erabiltzen du eta haur-gaztetxo ia guztiak hizkuntza horretan eskolatzen dira.

Hala bada, gaur egun euskaraz ongi moldatzea, hala ahoz nola idatziz, gero eta beharrezkoagoa da edonon eroso aritzeko, zeregin idatzietan ziurtasuna izateko, lan bila ibiltzean aukera gehiago izateko, seme-alabarik izanez gero horiei zernahi gauzetan lagundu ahal izateko… Euskaraz ongi jakitearen abantailak askotarikoak dira eta horiek nabarmendu nahi izan ditugu Mendialdeko udal nahiz mankomunitatetako Euskara zerbitzuek.

Gure eskualdeetan lanean ari diren euskaltegiek urteetako esperientzia eta eskarmentua dute, euskara irakasteko metodo errazak, komunikazioan oinarrituak, erabiltzen dituzte eta, aurrez aurreko klaseak eskaintzeaz gain, internet bidezko ikastaroak nahiz autoikaskuntzarako aukerak ere ematen dituzte.

Bortzirietako Euskaltegia

Euskaltegian izena emateak dakarren gastua arintzeko Bortzirietako Euskara Mankomunitateak diru-laguntzak eskaintzen ditu ikasle, langabetu eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonentzako.

Argibide gehiago nahi baduzue honako helbidean klikatu: diru laguntza deialdia.

Gogoratu, era berean, diru laguntza hauez gain Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2 sari emanen dituela euskaltegian izena eman duten ikasleen artean zozketatzeko. Sari bat euskaltegian aurten lehenbiziko aldiz euskara ikasten hasi den ikasle berrien artean zozketatzeko (matrikularen ordainketa osoa izanen da saria) eta beste saria euskaltegiko gainontzeko ikasleen artean zozketatuko dena (2 pertsonei matrikularen erdia ordainduko zaie).

2014-2015 ikasturteko matrikulazio kanpaina bultzatu eta hedatzeko asmoz Mendialdeko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek hiru bideo prestatu ditugu, Xaloa Telebistaren laguntzarekin. Euskaltegietan izena emateak dakartzan abantailak azpimarratzen dira bideo hauetan, hiru egoera irudikatuz. Behean dituzue bideoetarako lotura zuzenak.

Trebatzea: https://www.youtube.com/watch?v=Hb22SXJ07EM

Euskaltegiko klasea: https://www.youtube.com/watch?v=WvCNeHmOLJU

EGA: https://www.youtube.com/watch?v=0kNkw1V4f1k