ERA.EUSek udarako proposamen berritzailea eta freskagarria aurkeztu du: JOLASEAN BLAI mahai-joko digitala. Gurasoentzako tresna bikaina udan ere seme-alabekin euskal kulturaz gozatzeko.

Baliabide hau onlineko kultur proposamenen hautaketa bat da, oporretarako dinamika bat proposatzen duena: altxorraren uhartean barrena ibilbide bat egitea. Haurrak bakarrik zein gurasoekin batera aritu daitezke.

Koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz, ERAk ekimena hartu zuen gurasoei egunero eskaintza ezberdin, kalitatezko, eta erakargarri bat egiteko. Hala, 2020ko martxoaren 18tik maiatzaren 31ra, egunero etxean gozatzeko kultur proposamen bana hautatu zen kulturgileek online eskuragarri jarri duten horietatik: literatura, musika, jolasak, ikus-entzunezkoak, aplikazioak… Jolasean Blai egindako bilketa lanaren ondorioz sortu da, honela kalitatezko kultur proposamen hauek modu erakargarri batean aurkezten zaizkio familiari.

Dinamika oso errazeko jolasa da: egunero, edo bi egunean behin, edo egoki ikusten denean, laukitxo bat aurrera egin behar da. Horietako bakoitzean kultur proposamen bat edo bi dago. Iraupena da bien arteko aldea, proposamen motzak eta luzeak baitaude. Gurasoari proposatzen zaio, beraz, haurrarekin gozatzeko bideo-ipuinak, emanaldiak (zinema, antzerkia, musikalak…), bideoklipak, App-ak… edo sorpresa kutxa
ireki daiteke! Nork daki zer topatuko duten bertan! Bestalde, PDF-a zuribeltzean ere deskarga daiteke eta inprimatu: egongelan edo sukaldeko mahaian jolastu ahal izateko, ibilbidea koloreztatzeko…:

Azkenik, ERA.EUSek nabarmendu nahi du kultur sortzaileen lana. Haien lanari esker familiek aukera aparta dute seme-alaben gozamena etxean euskaraz elikatzeko. Haiek gabe ez zatekeen posible izanen.

ERA.EUS Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea barne) elkarlanean sortu duten webgunea da, helburu duena euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzea eta seme-alaben ikas-prozesua osatzea. Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan.

Familiek helarazten dizkiguten behar eta eskaerek aberastuko dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.