JOSTAILUEI BURUZKO HITZALDIA ETA ERAKUSKETA

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak jostailuei eta jolasari buruzko hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu Lesakan, Irain eskolan, abenduaren 12an, asteazkenez, arratsaldeko 5:00etan hasi eta 8:00ak arte.

Hitzaldia nahiz erakusketa Dindaia Fundazioaren esku izanen dira. Lehen zatian, 5:00etan hasita, Aitziber Sala adituak jolasari eta jostailuei buruzko hitzaldia eskainiko du, eta zehazki galdera hauei erantzunen die: nola aukeratu haurrarentzako jolasa?, nola aukeratu jostailu egokia?; zer nahi dute haurrek?, eta zer behar dute?; zein irizpide jarraitu behar ditugu jostailuak eta jolasak erabakitzerakoan?; nolako baloreak ari gara sustatzen publizitatearen bidez?, aukera benetan librea da?, zein bertze aukera egon daitezke?

Ondotik, 6:30etik 8:00ak arte, erakusketa ikusteko aukera izanen da. Erakusketan hainbat jostailu eta joko ikusteko aukera ez ezik, horiek probatzeko aukera ere izanen da, eta adituarekin zalantzak argitzeko bidea izanen da.

Erakusketa nahiz hitzaldia bereziki gurasoentzako prestatu dira, baina interesa duen orok parte har dezake, batean zein bertzean. Egunotan bertan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskarazko produktuen katalogoa banatu du, eta horren harira antolatu du jarduera hau.

Gurasoak hitzaldira joan ahal izateko, ludoteka zerbitzua antolatu du mankomunitateak. Beraz, haurrak begiraleekin arituko dira jostetan hitzaldiak irauten duen bitartean.