Kontseiluak Arantzako Udalaren hizkuntza politika txalotu du

Kontseilua 2005az geroztik aritu da Hego Euskal Herriko ehundik gora udaletan euskara zenbat eta nola erabiltzen zuten neurtzen, horretarako espresuki sortutako ebaluazio tresna zorrotz baten bitartez. Dagoeneko argitaratu ditu neurketa horien emaitzak. Eta, emaitza kuantitatiboei dagokienez, 0tik 10erako tartean, Arantzako Udalak 9,09ko nota atera du. Gainera, 10. postuan dago Hego Euskal Herrian neurtutako ehundik gora udalen sailkapenean. Kontseiluak adierazitakoaren arabera, elementu positiboen artean, Arantzako Udalak hizkuntza politikaren arloan bere gain hartu dituen erabaki orokorrak eta horiek gauzatzeko jarritako baliabide eta neurriak nabarmendu ditu.

Horrez gain, Arantzako Udalak hobetu beharreko arloak zein diren ere zehaztu ditu: udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten zerbitzu enpresek udalarekin izaten dituzten harremanak (txostenak eta gainerako dokumentazioa) euskaraz izan ditzaten betearaztea, kontratazio irizpideak kasu guztietan jarri eta betearaztea eta, azkenik, udalak lagundutako hedabideen kasuan euskararen erabilera nolakoa izan behar duen arautzea.

            Kontseiluak neurketa hauek egiten jarraitzeko asmoa duela adierazi du. Ziklo politiko bakoitzean hizkuntza politikak aztertzeko asmoa du, eta, hortaz, 2011n bigarren ebaluazioa eginen du.

 Bortzirietako udalen emaitzak

            Neurketak Etxalar eta Lesakan egin ziren lehenbizi, 2006an; 2008an egin ziren bertze hiru udaletakoak. Dagoeneko neurketa guztien emaitzak argitaratuak daude. Informazio zehatzagoa nahi duenak —herriz herriko emaitzak, adibidez—  www.kontseilua.org web orrian begiratzen ahal du. Emaitza orokorrak emate aldera, hauek dira Bortzirietako udalek lortutako puntuazioak:

Arantzako Udala                                 9,09 puntu

Igantziko Udala                                   8,13 puntu

Berako Udala                                      7,59 puntu

Etxalarko Udala                                  6,89 puntu      

Lesakako Udala                                  6,65 puntu