MANKOMUNITATEAREN LANA BERMATZEKO HITZARMENA LANTZEN

Euskara batzordeetako kideok 2010 eta 2011ko aurrekontuen inguruko gorabeherak aztertu, eta, horren ondorioz, euskara mankomunitateak bizi duen egoerari buruz hausnarketa sakona egin ondoren, ekimen berria abiatzeko erabakia hartu dugu. Ekimen horixe azaldu nahi dizuegu.

2010eko plangintza ia eztabaidatu gabe Mankomunitatearen aurrekontua %35ean murriztu zen. Horren ondorioz, euskararen berreskurapenerako oinarrizkoa den plangintza ezin izan zen burutu bere osotasunean, euskararen kalte.

2011n, bertze urteetako aurrekontuetan sobratu zen diruaren zati bat erabiliz udalen 2010eko kuota igo gabe plangintza osoa onartzeko aukera mahai gainean paratu zen, baina ez da proposamena bere horretan onartu. Plangintza osoa burutzea onartu da, eta hori zinez urrats garrantzitsua da, plangintzan adostasuna badela eta beharrezkoa dela erran nahi baitu horrek. Ordea, sobratutako diru guzia erabiltzea eta udalen kuota oraindik gehiago jaistea erabaki da horrekin batera, eta hori hagitz erabaki arriskutsua etorkizunari begira, zalantza handiak zabaltzen dituena.

Aurreko urteetan dirua zergatik aurreztu zen argitzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Hona hemen kontzeptu nagusien azalpena: Ttipi-Ttapa telebistarako aurreikusita zegoen laguntza ez zitzaion eman itxi behar izan zutelako Nafar Gobernuaren hizkuntza politikaren ondorioz, “Bai Euskarari” ziurtagiriaren hainbat lan mankomunitateko administrariak egin zituen zeregin horretarako propio inor hartu gabe, Euskaltegiaren matrikulazioaren gorabeherak tarteko bertze zati bat aurreztu da, eta, gainerakoa, kudeaketa arduratsu bati esker.

Zaila da egoera lau lerrotan azaltzea, baina euskara batzordeetan egoera sakon aztertuta, hauxe da gure ondorioa: euskara mankomunitatea egoera erabat ezegonkorrean dago. Plangintza, diru-laguntzak, eta plantilla organikoa zalantzan paratu ziren lehendabizi. Ondotik puntu horiek nolabait adostu badira ere, udalen kuotak gehiago jaitsiz galdera hauek planteatzen zaizkigu etorkizunari begira: plangintza beharrezkoa dela adostu da eta horrela bozkatu da, baina zer gertatuko da datorren urtean?, kuotak behar diren bertze igoko dira edo berriz ere plangintza etab. zalantzan paratuko dira?, soberakin osoa erabilita edozein ezusteko ekonomiko gertatzen bada nola eginen zaio aurre?, udalek erantzukizunez jokatuko dute ala berriz ere murrizketak izanen dira?

Iazko urriaren 31n Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen 20. urtemuga antolatu genuen. Egun gogoangarri horretan ehunka bortziritarren aitzinean euskara batzordeetan landutako adierazpena irakurri genuen. Adierazpen horretan bertze gauzen artean hauxe erran genuen: “Mankomunitatearen lana ekarpen garrantzitsua izan da, horregatik kezkaz ikusten dugu urtemugaren urtean aurrekontuekin gertatu den murrizketa ikaragarria. Dudarik gabe euskarak behar dituen sintoniak berriz ere landu behar dira, eta mankomunitateak bere ahalmena berehalakoan berreskuratu behar du, erabaki kaltegarriak alboratuz datozen hogei urtetan eman behar ditugun aurrerapen handiak eman ditzagun”, “..guk geure esku dagoen guzia eginen dugu”.

Mankomunitatearen lan ahalmen guzia berreskuratzea eta bere egoera egonkortzea ezinbertzeko baldintza da euskararen normalizazioari eraginkortasunez erantzuteko. Horretarako eztabaidan sakondu, adostasuna bilatu, funtsezko irizpideak finkatu eta oinarrizko KONPROMISOAK hartzea behar-beharrezkoa da.

Euskara batzordeetan funtsezko irizpide eta konpromiso horiek biltzen dituen agiria edo hitzarmena lantzen ari gara. Agiri hori eskuetan udal ordezkaritza lortu nahi duten talde guziekin bilduko gara, eta, ondotik, bilera horien emaitza eta balorazioa publikoa eginen dugu. Helburua berriz ere aipatuko dugu, adostasuna eta konpromisoen bidez euskara mankomunitateko organismo guziei etorkizun luzean lana lasaitasunez eta eraginkortasunez egin ahal izateko baldintzak bermatzea.