Euskal Herri osoko mintzalagunen besta da. Solaslagunak, mintzalagunak, eta, orohar, mintzakide egitasmoaren baitan biltzen diren herritarrak elkartuko dira heldu den larunbatean Beran, mingaina euskaraz dantzatzeko asmoz.

Aurten hamargarren urtez antolatuko da Mintza Eguna, hitzordua maiatzaren 30ean da. Aurreko urteetan 250-300 lagun bildu izan dira Mintza Egunean bazkaltzera, bertara joateko asmorik baduzue jakin ezazue maiatzaren 26a baino lehen eman behar duzuela izena, honako helbidean solaslaguna@topagunea.org

icon Mintza Eguna 2015 egitaraua

Mintzakide izeneko egitasmoa aspaldidanik heldu da, Euskal Herrian lehendabiziko mintzapraktika egitasmoa Donostiako Bagera euskara elkarteak jarri zuen martxan, 1993. urtean. Geroztik aunitz hedatu da egitasmo hura, gaur egun 80 bat herri eta eskualdetan, ia 5.800 lagun aritzen dira mintzapraktika taldeetan.

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohitura daukatenak zailtasunak dituztenekin elkartzen dituzte. Astean ordubetez, bospasei laguneko taldetan elkartzen dira, aisialdi giroan. Horrela, euskararen erabileran eragiten da. Euskaldun kopurua handitzen laguntzen dute, euskalduntze prozesua bukatzen ari direnei, jarioan trebatzeko eta euskaldunen sarera hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen dietelako.

Bestetik, kale erabileran eragiten dute, ohiko jarduera leku publikoetan garatzen den neurrian (kafetegietan, elkarteetan, tabernetan, kalean, parkeetan….) herriko paisaia linguistikoa euskaldunago bihurtzen dutelako.

Gainera, euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak zabaltzeko aukera ematen dute mintzapraktika programek. Lan horretan, egitasmoen baitan antolatzen diren ekintza osagarriek garrantzia berezia dute. Horien artean ezagunena, Euskal Herriko Mintza Eguna da.

Egitarau zabala prestatu dute goizean hamaiketakoa eginez hasita. Ondotik ibilaldia izanen da eta eguerdirako denak bildu eta kalejiran bazkaltzera joateko gonbitea egina dute. Bazkaria 17€ren truke izanen da baina horretarako izena eman behar duzue maiatzaren 26a baino lehen. Eta eguna gustura amaitzeko bazkalondoan dantzaldia izanen da.

Animatu eta azaldu Berara, Euskal Herriko beste hainbat solaslagun ezagutzeko egun ederra izanen da eta!

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.