Plan estrategikoa

Mankomunitateak Euskararen II. Plan Estrategikoa lantzeko parte hartze prozesua antolatu zuen 2020an. Zalantzarik gabe, pandemiak erabat murriztu eta baldintzatu zuen prozesua izan zen, eta, ondorioz, euskalgintzaren gogoeta prozesu zabala izan behar zena, mankomunitatearen plan estrategikoa lantzera mugatu zen.

Mankomunitateko teknikariek eta Elhuyar Aholkularitzak osatutako talde eragileak dinamizatu eta gidatu zuen prozesua. Lehen fasean hurrengo urteetako erronkak eta planaren helburuak landu ziren. Eragile eta herritar euskaltzaleekin bertatik bertara lantzea zen hasierako asmoa, baina osasun egoerak behartuta, online galdetegiaren bitartez egin behar izan zen. Guzira 48 herritarrek erantzun zioten galdetegiari.

Murrizketak murrizketa, bigarren fasean herritarrekin saio presentziala egiteko aukera izan zen. Irailaren 18an egin zen saio hori, eta bertan 15 lagunek parte hartu zuten. Taldekako dinamiken bitartez, lan ildo bakoitzerako arloak eta erronkak landu ziren.

Hasierako galdetegiaren emaitzak eta iraileko saioan jasotako ideiak oinarri hartuta, teknikariek II. Plan Estrategikoaren zirriborroa prestatu zuten. Bertze eskualdeetako euskara teknikarien ekarpenak jaso ondoren, behin betiko dokumentua ondu zuten. Mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak aho batez onartu zuen plana 2020ko azaroaren 30ean egindako bileran.

Bortzirietako Euskararen II. Plan Estrategikoa

Herritarrekin saioa II. Plan Estrategikoa osatzeko

2020ko irailaren 18an hainbat herritarrekin saioa egin zen Beran, mankomunitatearen II. plan estrategikorako lan ildoak eta jarduerak zehazteko. Bideoan laburbiltzen dira saioaren nondik norakoak.