“Biziberrituz euskara” besta Lesakan

Ohiturari eutsiz, aurten ere “Biziberrituz euskara” besta ospatuko dute Lesakan San Juan bezpera egunean. Arratsaldetik hasitako egitarau oparoa antolatu du Lesakako Euskara Batzordeak, Euskara belarrietara, begietara eta ahora lelopean. Iazko arrakasta ikusita aurten ere belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu eta euskara ahoan hartuta elkarrekin aritzeko jolasak prestatu dituzte, besteak beste. Euskararen fruitu goxoak izeneko joko hau 19:00etan izanen da, ondotik ekitaldia plaza zaharrean, bertsolari eta trikitilariekin. San Juan bezperarako propio sortutako kanta, “Biziberrituz euskara”, abestuko dute gero eta iluntzean San Juan sua izanen da herriko plazan, aurten Mikel Rodriguez lesakar idazle gazteak izanen du sua pizteko ohorea. Lesakako dantzariak ariko dira segidan ekitaldiari amaiera emateko. 21:00ak aldera herri afaria antolatu dute eta gau berezi hau behar bezala amaitzeko dantzaldia izanen da “Ganbera” taldearen eskutik.

icon Biziberrituz euskara eguneko egitaraua