Ttipi-ttapa telebistaren aldeko sinaduren aurkezpena

Bortzirietako euskara batzordeen ekimenez Ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko hedabideen alde sinadura bilketa kanpaina abiatu genuen Bortzirietan duela zenbait hilabete. 1.500etik gora sinadura bildu dugu guztira (zehazki 1557). Euskara batzordekideek jendaurrean aurkeztu zituzten ekainaren 26an, Etxalarren. Horrez gain, adierazpenak egin zituzten euskarazko hedabideen aldeko konpromisoa berretsiz.

EUSKARAZKO TOKIKO TELEBISTAREN ETA EUSKARAZKO HEDABIDEEN ALDE

Bortzirietako euskara batzordeen ekimenez Ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko hedabideen alde sinadura bilketa kanpaina abiatu genuen Bortzirietan duela zenbait hilabete. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkari gisa heldu naiz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura, bildutako sinadurak aurkeztera. 1.500etik gora sinadura bildu dugu (zehazki 1557). Hala, mankomunitatearen izenean, gogoeta hauek jendarteratu nahi ditut:

Bortzirietako herritarrak zoriondu nahi ditugu Ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko hedabideen alde erakutsi duten jarreragatik.

Tamalez, elkartasun eta salaketa kanpaina abiatzeko arrazoiak hasieran bezain sendoak dira oraindik ere.

Nafarroako Gobernuak ez du inolako asmorik agertu euskarazko hedabideei diru laguntza duinak emateko. Eta asmo onen aitortzaz haratago, ez du ziurtatu euskarazko hedabideek joan den urtera arte izan duten diru laguntza eskasa jasoko dutenik (%96 murriztu zuten hori bera).

Nafarroako Gobernuak euskaraz emititzen duten tokiko telebistei ez dizkie eskaini inolako bermerik euren egoera arautzeko eta horretarako beharrezkoa den lizentzia lortzeko.

Horren ordez, euskararen aurkako erasoen zerrenda beltzari bertze eraso bat erantsi diote; Iruñerriko Euskalerria irratiari emisioa etetea agindu diote, sinestezina den sasi argudio bat baliatuta (nekez ezkutatzen duena benetako asmoa, alegia, euskarazko hedabideak itotzea).

Egoera honen aitzinean, euskara mankomunitateak honako hau adierazi nahi du:

Euskarazko tokiko telebistak eta euskarazko hedabideak sustatuko ditugu aurrerantzean ere, eta lanean jarraituko dugu, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak babesteko dagokion ardura bere gain hartzen duen arte.

Hezkuntza Departamentuari eta kontseilariari: gobernuaren erantzukizuna da diru laguntza duinak ematea eta hedabideak arautzeko urrats eraginkorrak egitea. Bide horretan ekintzak nahi ditugu, bai euskara mankomunitateak, bai Bortzirietako herritarrok (sinadurak horren lekuko).