Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu maiatzeko lehen astebururako. Udaberriko Bestak apirilaren 30tik maiatzaren 3ra izanen dira.

Apirilak 30, ortzeguna

Gure Esku Dago ekimenak eskainiko duen Jostunak dokumental berriaren proiekzioa. Eskolan izanen da, 19:30ean.

Maiatzak 1, ortzirala

Goizeko 11:00tan hasita eta bi orduz, haurrek birziklatzeko tailer batean parte hartzeko aukera izanen dute, Anixe elkartearen eskutik. Eguraldiak laguntzen badu, eskola atarian izanen da, eta bertzela frontoian.

Arratsaldez, ogi egiten ikasteko saio bat izanen da Biltoki Elkartean. Jon Azkarraga etorriko da, Etxalarko okina. Edozeinek parte hartzen ahal du ikastaroan, eta ez da deus ordaindu behar. Arratsaldeko 4:00etan hasiko da eta bizpahiru ordu iraunen du.

Eguna borobiltzeko, 20:00etan hasita, pintxo-potea izanen da bertako trikitilariekin, ostatu eta elkarteetan.

Maiatzak 2, larunbata

Eskola atarian eta parkean mural batzuk margotuko dira, lehen Elizateko paretan egin zen gisara. Horretan nahi duen guztiak parte hartzen ahal du, baina dei berezi bat egin nahi zaie herriko gazteei parte har dezaten.

Eguerdiko 12:00etan Bortzirietako Gure Esku Dago ekimeneko kideei ongi etorria eskainiko zaie, eta hamaiketako bat izanen da, plazan; dei berezia egiten zaie herritarrei etor daitezen, ekimen honek hurrengo hilabeteetan antolatuko dituen ekintzak ezagutzeko.

Arratsaldeko 4:00etan guraso elkarteak haurrentzako jokoak eta berendua antolatuko ditu, plazan.

Maiatzak 3, igandea

Udaberriko Bestei akabaila emateko, 18:00etan, eskolako haurrek antzerki emanaldia eskainiko dute Baratzondon.

Euskara batzordeak deia egin nahi die herritar guztiei antolatu dituen ekitaldi hauetan parte har dezaten.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.