Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak antolatu ditu. Ekitaldiak apirilaren 27an eta 28an eta maiatzaren 1ean izanen dira.

Hasteko, apirilaren 27an, larunbatarekin, ibilaldi gidatu bat eginen da, herriko plazatik Berrizaunera, auzo horretako historia eta hainbat xehetasun ezagutzeko asmoarekin. Goizeko 10:00etan abiatuko dira, eta hiru ordu iraunen du.

Arratsaldeko 16:00etan haurrentzako jokoak izanen dira herriko plazan, eta ondotik berendua.

Ilunabarreko 20:00etan Mugaldekoak filma ikusteko aukera izanen da, herriko eskolan.

Apirilaren 28an, igandearekin, merkatua izanen da plazan bertan. Jakina denez, batzordeak merkatua antolatzen du bi urtetik behin, herrian proiektu zehatz bat aitzinera eramateko dirua biltzeko. Merkatua prestatzeko antolatzaileek herriko etxe guztietara jo dute, eta edozein motatako produktuak (baratzekoak, kontserbak, postreak, landareak, sendabelarrak, ukenduak…), tresnak (apaingarriak, jostailuak, CDak, DVDak, boltsoak, bitxiak…) emateko eskatu diete. Produktu eta tresna horiek prezio merkeetan jarriko dira salgai. Horrez gainera, herriko bi jatetxeek bina lagunentzako otorduak eman dituzte, eta arratsalde horretan bertan zozketatuko dira; boletoak egun osoan salduko dira merkatuan bertan. Arratsaldeko 5:30etik aitzinera opilak izanen dira, eta herriko trikitilariek giroa alaituko dute.

Aurten azokan bildutako diruarekin bi proiektu landu nahi ditu euskara batzordeak. Batetik, herriko gida argitaratu nahi du, etxe bakoitzaren helbide eta telefonoekin. Bertzetik, herriko etxe guztien errotulazioa egin nahi du. Plaka eredu bat izanen da etxe guztientzat, eta bakoitzari bere izena paratuko zaio, etxeen jabeek hala nahi badute.

Bukatzeko, eta berrikuntza modura, maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, Igantzi kantari ekimena izanen da. Eguerdiko 12:00etan hasita, herriko karriketan barna euskal kantuak kantatzen ibiliko dira hainbat herritar. Horretarako prestatzen aritu dira azken bi hilabeteotan herriko abesbatza eta ekimen honetan parte hartu nahi izan duten herritar batzuk. Tenore berean, herriko hiru ostatuetan pintxo-potea izanen da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.