Mexikoko yukatango maia hizkuntza gutxituaren biziberritzea erakusten du eta proiekzioekin batera solasaldia antolatu du mankomunitateak, Garabide Elkartearekin batera.

Nafarroan hiru aurkezpen eginen dira:

  • Abenduak 12, Elizondo, Arizkunenea, 18:30. Wayeren proiekzioa eta solasaldia Garabideko Maialen Sobrinorekin, Baztango Udalak eta Baztandarren Biltzarrak lagunduta.
  • Abenduak 13, Bera, Beralandeta aretoa, 18:30. Wayeren proiekzioa eta solasaldia Garabideko Jon Sarasua eta Maialen Sobrinorekin, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak lagunduta.
  • Abenduak 18, Barañain, Udaletxeko Erabilera Anitzeko Aretoan, 12:30. Wayeren proiekzioa eta solasaldia Garabideko Julen Larrañagarekin. Euskara arloak antolatuta, Alaitz Institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleen parte hartzearekin, besteak beste.

Garabide Elkartea kooperazio modu berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta eta 2005etik ari dira hizkuntza lankidetza jorratzen, tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak babestuta.

Gaur egun hizkuntza gutxituen galera prozesua geroz eta agudoago doa, datu bakar bat emateko bi astetik behin desagerrarazten da hizkuntza eta kultura oso bat munduan. Horren jakitun, Nazio Batuen Erakundeak 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu du eta urte hau baliatuta Garabide ahalegin berezia egiten ari da hizkuntza lankidetzaren beharra ikusarazteko. Euskal gizarteak duen altxor handienetako bat euskararen berreskurapena izaki, pentsatzekoa da gure ardura dela bertze herri indigenekin esperientzia hori partekatzea eta, aldi berean, munduko bertze komunitate gutxiagotuen esperientziatik ikastea, euskararen ibilian aunitz baitago egiteko. Beraz, Garabidek zubi lana egiten du hizkuntza eragileen artean (Ekuadorreko kitxuak, Kolonbiako nasak, maputxeak…) esperientzia trukean aritzeko.

Lan horretan bidelagun ditu gizarte eragile ugari, Euskal Herriari begira hizkuntza lankidetzak duen egitekoa aktibazio soziala baita. Eragileok proiektuetan integratzeaz haratago, herritar ororengana ailegatzeko herriz herri ekintzak antolatzen dituzte eta esperientziak erakusten du ekintza hauek gizartean eragina izan dezaten gako handienetako bat tokiko eragileekin elkarlanean antolatzea dela. Hori dela eta, Baztango Udala, Baztandarren Biltzarra, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Barañaingo Euskara Zerbitzua ditu bidelagun Nafarroako estreinaldi birak.

Hizkuntza lankidetza etxekotzeko ikus-entzunezkoak tresna paregabea dira eta formatu txikian trebatu ondoren, 2015 urtean erronka berriari ekin zion Garabidek: urtero hizkuntza gutxitu desberdin baten biziberritzea jasotzeko dokumental bat ekoiztea, hain zuzen ere. Erronka honen oinarrian elkarlana dago, izan ere, Mondragon Unibertsitateko ikasleekin batera aritzen baitira lanean: ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleek Gradu Amaierako Lan gisa egiten dute dokumentala. 2018-2019 ikasturtean Irati Briñas Gastón, Egoitz Díaz Ibargoitia eta Andoni Marquinez Otaegi ikasleek “Waye” dokumentala osatu zuten, maia aktibistak protagonista dituena. Ikus-entzunezkoan Mexikoko Yukatango maia edo Maayat’aan hizkuntzaren alde lan egiten duten ekintzaileak solasten dira hizkuntzaren egoeraz, lanez eta ametsez, lehendabiziko aldiz maayat´aan hutsean eta euskaraz azpititulatuta.

Ikus trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=yrY2cYoz5Dg

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.